Akontezimendu antzua
Gaurko egunez, abuztuak 30, itxiko zaizkio teloiak laurogeita bosgarren Donostiako Musika Hamabostaldiari hirian bertan. Non bestela. Atzokoan, ordea, epilogo moduko batez gozatzeko aukera izan genuen Arantzazun. Akontezimendua da beti Arantzazu. Eduardo Chillidak, gauean omendua izan zenetako batek, zioen moduan: beti inoiz ezberdin, inoiz beti berdin. Horixe da harritzar eta mendi magalen altzoan eraikitako santutegi itzelaren heina. Denborari eta espazioari desafio egiten dion espirituaren gurtze etxe fundazional bat eskaintzea gipuzkoarroi; eta euskaldunoi, noski. Artearen interbentzio gorenak are indartsuago bilakatzen dute toki haren berezko magia eta aura. Altareetara igo ohi dira santuak; Arantzazun, ordea, binakako eskailera harrizkoek lurrerantzat daramate bat. Sustraietara, barne esentzia isil eta intimora. Hori eta gehiago da frantziskotarrek zeloz eta mimoz zaindu izan duten etxe komuna. Harrizko herri honen tenplu gorena.
Nabari zaie, bai, nire hitzei biziki gogokoak ditudala atzoko kontzertuak marko izan zituen paraje horiek; eta horrexegatik, bada, nire aho zaporea gozoa baino gaziagoa izan zen bart. Nestor Basterretxea eta lehen aipaturiko Chillidaren jaiotzen mendeurrena ospatzeko antolatu ei zen atzokoa, beraien bizitzan izaniko musika zaletasuna eta gustu estetikoa kontuan izan gabe, nire aburuz. Txalogarria iruditzen zait Hamabostaldiaren partetik proposamen desberdin eta apurtzaileak programatu nahi izatea. Ez da dena izango galante eta lirain. Baina hortik Arantzazun jendearen kantak, txalo etengabeak eta taula gaineko jarrera informala batzen zituen emanaldi bat eskaintzera bada koska dezentea. Has gaitezen han loratu zenaren hazitik. Abraham Cupeiro musikari galiziarra izan zen gaueko protagonista. Berak ere esfortzu nabarmena egin zuen hala izan zedin, bere gaitasun tekniko txundigarriaz eta musikalitate naturalaz ongi blaituta atera baikinen guztiok. Soberakoak egin zitzaizkidan, batetik, piezen preanbulu gisa eskainitako hitz jario merke antzekoak. Hango klitxe eta handikeri nahiek, indarra kendu besterik ez zieten egiten ondoren jotako piezei. Azalpen dibulgatiboak eskertzekoak izan ohi dira, baina musikarion kasuan, musikak hitz egin behar du gure izenean.
Gaua nahiko txukun hasi zen. Cupeirok rock izar baten antzerako sarrera egin nahi izan zuen, santutegiko pasillo zentrala bere haizezko tramankulu horietako batekin zeharkatuz. Aurkezpen gisa, ederto. Kontua zera da, bukaeran ere errepikatu egin zuela bide bera, espazioak eskaintzen dituen beste zenbait aukera –koruko harmailak, egurrezko zelosiak– esploratu gabe. Arestian esan bezala, kontzertuaren lehen atalean eskaini zutenak esperantzak pizteko balio izan zidan. Gau osoan zehar lanean fin eta serio aritu zen Oiasso Kamerata Béla Bartók musikari hungariarraren Dantza errumaniarrak piezarekin gehitu zen arratseko festara. Cupeirok han azalduak, adibidez, bai izan ziren entzuleentzat pedagogiko eta aberats. Bartók zenak fonografo bat eskuan hartuta Errumaniako zenbait bazter zeharkatu baitzituen, bere piezak konposatzeko material organiko eta folkloriko bila. Folklorikoa –herri baten ohitura, tradizio eta kulturan oinarritua– baitzen hungariarrak burutua. Eta horixe bera egin gura zuen, zirudienez, gaueko zuzendari musikalak euskal musika eta kulturarekin.
Eztabaidak luze joko liguke, baina bota nahi dut nik harria. Folklorearen eta folklorismoaren arteko mugak non marrazten diren, horixe etortzen zitzaidan behin eta berriz burura atzokoan. Bartóken bidetik jarraitu eta musikaren historian zehar zenbait konposatzailek –etxeko gureak barne– burutu dituzten inkursio folklorikoei distira atera izan baliete Cupeirok eta konpainiak, agian ez nukeen idatziko horrelakorik lerrootan. Baina jendearen txaloa piztera zihoan bide erraza aukeratzea erabaki zuten. Txoriak txoriren abeste kolektiboak transportatu egin ninduen. Arantzazun ala Reale Arenan geunden? Chillidaren omenaldian ala bertso saio batean? Denak balio ote du denerako? Galdera ugari pilatzen zitzaizkidan buruan eta artikulu hau idazteko orriak faltatuko zitzaizkidala ere sumatzen nuen. Ez baitu euskal aurrizkiak beti Txoriak txori bat behar taula gainean. Ala txalaparta baten hotsa eszenan, Oreka TXkoek berea duten musikalitate fina eta instrumentuekiko –harrizko soinu kristalino eder hori– debozio erabatekoa erakutsi zuten arren atzokoan. Collage estiloan muntatua zen koherentzia handirik gabeko piezen segizioa iruditu zitzaidan bart entzundakoa. Amaieran han atera zuen beste behin Cupeirok marrazo baten buruaren itxura zuen tutu erraldoi bat, denen txundimenerako. Jada ikusiak genizkion hamarnaka erreminta eta lanabes.
Arantzazun ala Reale Arenan geunden? Chillidaren omenaldian ala bertso saio batean? Denak balio ote du denerako? Ez baitu euskal aurrizkiak beti Txoriak txori bat behar taula gainean
Amaitu nahiko nuke atzokoan nire begientzat, beste behin, gozagarri izan zen espazio mistikoari buruz hitz egiten. Erretaula parean kokatutako bi argi dorreek Lucio Muñozek ideatutako artelan gorenari faborerik egiten ez zioten arren, itzela izan zen Basterretxea eta Chillidaren irudien artean madrildarrak sortutako mahai bertikal itzela nola argitu eta koloreztatzen zen ikustea. Merezia zuten bi euskal sortzaileek, gure kulturan –klitxe eta estigmez aparte– totem bi izanagatik ere, beste altura bateko omenaldi eta bilkura mota bat. Jendearen atzoko txalo andanak nire hitzak ezeztatzen dituenaren ziur naiz, baina badakit –bai jakin ere– publiko berriak arrantzatzeak ez duela inplikatzen musika klasiko deituaren txalotze eta desbirtuatzea. Mitoak hausteko, ezinezkoa da mito popular berri eta salduerrazak inbentatzea. Beharrezkoenak pedagogia, musikarekiko konpromisoa eta entzute aktiboa dira.