Añorga Txikiko jaiak, udako azken txanpan murgiltzeko
«Jai motzak baina biziak» dira Añorga Txikikoak, Silvia Oses jai batzordeko kideak azaldu duenez. Urteroko legez, haur, gazte, heldu zein zaharrentzako jarduerekin datoz, baita berritasun batzuekin ere.
Bai, uda amaitzen ari da, eta, horrekin batera, udako jaiak ere bai, baina ez larritu, oraindik ospatzeke baitaude Donostiako hainbat auzotako festak. Horietako batzuk dira Añorga Txikiko jaiak, egun bat eta erdiko jai laburrak, baina aspertzeko tarterik izango ez dutenak. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Hurrengo ostiral arratsaldean hasiko dira, txupinazoarekin, eta haurrentzako jarduerek, barreneak, mozorro poteoak eta Arte DJ-aren emanaldiak beteko dute arratsaldea, larunbatera motorrak ondo berotuta heltzeko. Izan ere, jai batzordeko kide Silvia Osesek nabarmendu du larunbata dela egun osoan zehar jarduerak antolatzen dituzten eguna: «Saiatzen gara haur, gazte zein helduek gozatzeko moduko jarduerak antolatzen egun horretan. Horrela, bazkaria polita izaten da, denak elkartzen baikara, eta ondorengo bingoak arrakasta handia izan ohi du».
Era berean, jaiak oso parte hartzaileak direla nabarmendu du Osesek: «Kuadrilla bakoitzak jarduera bat edo bat baino gehiago antolatzeko ardura hartzen du: pilota eskolakoek barrenea, gazteek gaueko gauzak, eta abar. Bagaude talde txiki bat dena gidatzen duguna, baina, gero, ondo moldatzen gara denon artean gauzak antolatzeko, kuadrillaz kuadrilla. Horrela, azkenean, lortzen dugu jaiak herrikoiak izatea eta adin guztietako pertsonentzako jaiak izatea».
Mojitoak berritasun
Berritasun gisa, larunbateko bazkariaren eta bingo arrakastatsuaren ondoren, bazkaria jaisteko, mojitoak egingo dituzte frontoian, latin zumba saioaz gozatzen duten bitartean. «Jai txikiak direnez gureak, gauza asko egin behar ditugu dirua lortzeko, eta, aurten, pentsatu dugu jaien aldeko mojitoak egitea. Horrekin eta latin zumbarekin, uste dugu giro aparta sortuko dela frontoian», azaldu du Osesek.
Berritasun gisa, bazkaria jaisteko, mojitoak egingo dituzte frontoian, latin zumba saioaz gozatzen duten bitartean
Bestalde, bigarren berritasun batekin ere badatoz Añorga Txikiko jaiak, haurren bizkotxo lehiaketa berreskuratu baitute: «Ikastolako seigarren mailako haurrek antolatuta, gainera. Haurrek antolatu dute, haurrentzat. Horrela, txikitatik hasten dira jaien antolaketan parte hartzen eta jaiekin inplikatzen», nabarmendu du jai batzordekoak.
Tortillak eta beste
Berritasunak berritasun, betiko jarduera arrakastatsuak ez dira faltatuko aurten Añorga Txikin, Osesek azaldu duenez: «Hala nola, sardina eta sagardo dastaketa. Bestalde, tortilla patata txapelketa nabarmendu behar da, tortilla asko eta asko aurkezten baitira beti, 50 inguru, esango nuke. Kontuan edukita Añorga auzo txikia dela eta Añorga Txiki are txikiagoa, asko da. Sekulako lehia polita eta giro onekoa sortzen da. Saria, gainera, bordatutako mantala bat da, eta irabazlea, ondoren, adarra jotzen ibiltzen da; dibertigarria da».
Bestalde, jaiak gaurik gabe ez direlako jai, gauean ere antolatu dituzte jarduerak: erromeria bat eta DJ saio batzuk izango dituzte, hain zuzen ere. Ildo horretatik, eskaera bat egin die Osesek añorgatarrei: «Pazientzia pixka bat edukitzeko, gauean zarata egongo dela auzoan, baina urtean behin soilik dela eta auzoari bizitza ematen diotela jaiek». Eta, beste eskaera bat ere egin du, herri honetako jai batzorde orok egin ohi duena: «Eguraldiak errespetatu gaitzala, mesedez!».