Emakumeen trontzarekin datoz Intxaurrondo Zaharreko jaiak
Ate joka daude Intxaurrondo Zaharreko jaiak. Asteburu honetan berotuko dituzte motorrak auzoa apainduz, eta ostegunean hasiko dira jaiak bere horretan. Ez dira faltatuko ohiko jarduera arrakastatsuak, eta berritasun bat edo beste ere prestatu dute.
Intxaurrondok omen ditu munduko beste toki bakar batek ere ez dituen gauza batzuk, Txapelako jauregia eta bere harraska ederra, auzoko abesti ezagun eta maitatuak dioenez. Jaiak ez ditu aipatzen abestiak, baina, akaso, aipatu beharko lituzke, baten faltan, hiru jai baititu auzoak: sanjoanak, Intxaur jaiak ekainaren bukaeran eta Intxaurrondo Zaharreko jaiak irailaren hasieran.
Jai batzordeko kide Amaia Arrazolak azaldu duenez, urtarrilean hasi ziren jaiak prestatzen, ohiko legez. Jai batzordean ez dira asko, baina Arritxu Larrañaga kideak nabarmendu duenez, auzoko eragile eta norbanako ugarik hartu ohi dituzte ardurak jaietan: «Herri kirolak bizpahiru pertsonaren artean antolatzen dituzte, txokolate jana Artzak Ortzeok elkarteak antolatzen du, haurrentzako jolasak Intxhaurguneak, eta abar. Hau da, jai batzordekoak talde motorra gara, nolabait, baina kanpotik ere hartzen dira ardurak, eta jaietan bertan ere jende gehiagoren laguntza izaten dugu txandak egiteko, eta abar». Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Trontza, berritasun nabarmena
Intxaurrondon ez ezik, hiriko hainbat txokotan ikusi ahal izan dira uda honetan jaietako larunbateko trontza lehiaketako kartelak, aurtengo berritasun nagusia baita: «Duela hamar bat urte ere antolatu genuen, hamar bat bikoterekin. Aurten berreskuratu dugu, eta espektatiba handiak daude, ia hogei bikotek hartuko baitugu parte. Beldur pixka bat ere ematen du, ez pentsa!», azaldu du Larrañagak.
Azken urteotan, 500 kiloko harriarekin giza proba egin dute Lizardi kaleko aldapan gora, eta aurten halakorik egingo ez duten arren, haurren eskutik ikusi ahalko da giza proba Intxaurrondo kalean: «Urteotan, saiatu gara haurrak sartzen herri kiroletako jardueretan, eta Maldapan [Lizardiko giza proba] irteera informalagoak egin dituzte, erakustaldi gisara. Baina, aurten, 105 kiloko harria egin diete beraientzako propio, eta bi haur talde arituko dira lehian». Espazio publikoaren erabilera gizonek bereganatu ohi dute sarritan, baina, oraingoan, emakumeena eta haurrena izango da Intxaurrondo Zaharreko jaietako herri kiroletan. «Eta gizonak txosnako txanda egitera, antolatzen eta babesa ematen egotea tokatzen zaie», gaineratu du Larrañagak.
Espazio publikoaren erabilera gizonek bereganatu ohi dute, baina, oraingoan, emakumeena eta haurrena izango da
Herri kiroletakoak, ordea, ez dira izango jaietako berritasun bakarrak: «Kioskokoek reggae kontzertu bat antolatu dute larunbaterako, eta, horrela, Txaparreneko parkean jai gune txiki bat edukiko dugu egun horretan. Bestalde, aurten barraka batzuk eta janari furgoneta bat etorriko dira», azaldu du Arrazolak.
Bestalde, iaz sortutako Erramunstroaren pertsonaia auzoan errotu dadin, haren inguruko kondaira batzuk landu dituzte, eta bihar, auzoa erramu tradizionalarekin apainduko duten egunean, pertsonaia agertuko da: «Aurten, bigarrenez jarraian, modu herrikoian egingo dugu erramua, Erramu Eguna ospatuz. Asmoa da haurrak ohitura horretan sartzea, eta hor ere agertuko da Erramunstroa», nabarmendu du Larrañagak.
Auzoa, gogoz
Urteroko legez, auzotarrak jaiak iristeko irrikaz ikusten dituzte jai batzordekoek, baina jaiak urte hasieratik daude presente askorentzat, Larrañagak dioenez: «Ilusioa egiten dit urte hasieran jendeak idazten didanean galdetuz ea urte horretan noiz izango diren jaiak, lanean oporrak hartzeko. Hor ikusten da badagoela jendea jaiak oso kontuan dituena». Bada, unea heltzear da; atera zapiak armairutik, lotu lepoan eta disfrutatu jaiez!