«Ez da arantza bat, beteko dudan amets bat baizik»
Parisko Paralinpiar Jokoetan ariko da gaurtik aurrera Fernando Mitxelena (Antigua, 1972). Rio de Janeiroko eta Tokioko Paralinpiar Jokoetarako gutxigatik ez zen sailkatu, baina hirugarrenean lortu du. Gogotsu hartu du erronka, eta ondo aritzea da bere helburua.
Uztailean eskuratu zenuen Paralinpiar Jokoetarako gonbidapena, Indiako Munduko Kopan eta Granadako Europako Txapelketan maila onean aritu ondoren. Pozik Parisko esperientzia bizitzeko aukerarengatik?
Bai, noski. Olinpiar Jokoak dira kirolarientzako txapelketa nagusia. Oporretan harrapatu ninduen deiak, eta kristoren festa izan zen! Oporrak aurreikusitakoa baino lehenago bukatu behar izan genituen eta Donostiara itzuli ginen, entrenatzera.
Ez zenuen lortu 2016ko Rio de Janeiroko Jokoetan ezta 2020ko Tokioko Jokoetan parte hartzea. Parisen kenduko duzu arantza, azkenean?
Ez da arantza bat, beteko dudan amets bat baizik. Ez zen nire helburu nagusia Joko batzuetan parte hartzea, baizik eta egunez egun tiratzaile gisa hobetzea eta marka hobeak lortzea. Lan horrek eraman nau Paralinpiar Jokoetara.
Prest zaude erronkarako?
Bai, nire momenturik hoberenean nago. Orain dela bi urte entrenatzaile berri batekin hasi nintzen, Manuel Sainz da bera, eta, geroztik, hobekuntza izugarriak nabaritu ditut. Teknika eta material berriez baliatu gara, eta horrek eraman gaitu hobetzera.
Ez dugu asko entrenatu, baizik eta ondo. Garrantzitsuagoa da kalitatezko entrenamenduak egitea, asko entrenatzea baino. Kopurua ez da hain garrantzitsua niretzat, dakidana dakit. Honezkero ezin dut gehiago jakin. Maila mantentzea da orain kontua, eta gehiegi entrenatzea ez da ona. Ezin da obsesio bat bilakatu.
Zer da domina bat lortzeko egin beharko zenukeena?
Oso, oso, oso ondo egitea! [barrez]. Ondo egitea da nire helburua, besterik ez. Orain egiten ari naizen moduan egiten badut, Joko oso onak egin ditzakedala uste dut.
Ez daukat ondo tiratzeko truko berezirik. Errutina bat daukat tiro bakoitzean, eta hori jarraitzen saiatzen naiz. Hala egiten badut, ondo joango da. Hala ere, oso zaila da 60 jaurtiketatan errutina bera jarraitzea.
Gainerako lehiakideen maila ezagutzen duzu? Badakizu zein beste tiratzaile arituko diren Parisen?
Bai, Munduko Txapelketatan egon naiz beraiekin. Denok ezagutzen dugu elkar, noizbehinka berriren bat datorren arren, noski. Maila altua dago, horregatik gaude hor. Denak gara onak olinpikoak baldin bagara.
Zure hitzetan, zer da karabina bidezko tiro olinpikoa?
Karabina bereziak erabiltzen ditugu guk, ferian erabiltzen diren horiek baina modernoagoak! [barrez]. Oso zehatza da, balinak hamar metrora botatzeko balio dute. Hamargarren metroa orratz baten burutxoa da, eta hor jo behar dituzu 60 tiroak.
Puntuaziorik onena lortzeko, tiro guztiak hamargarrenean eman behar dituzu. Hamargarren horren barruan, ordea, dezimalak daude. Hamarreko bat egin dezakezu, edo 10,9 bat, adibidez. Hori da mugarik altuena. Erdi-erdian ematen badiozu, 10,9koa da puntuazioa. Batzuetan lortzen dugu, baina oso zaila da.
Zertan da desberdina beste tiro praktikekin alderatuta?
Kontzentrazioa eskatzen du honek, eta zehaztasuna. Ahalik eta gutxien mugitu behar zara. Gaitasuna edukitzea ere garrantzitsua da, noski. Nire entrenatzaile batek esan zidan behin: «Ez da 60 tiroko lehia bat, baizik eta 60 lehia tiro bakoitzeko».
Beste hainbat kiroletan aritua zara; eskian, esaterako. Azkenik, ordea, tiratzaile moduan lortu duzu Paralinpiar Joko batzuetara iristea. Ondoen menderatzen duzun kirol diziplina da?
Bai, zalantzarik gabe. Eskia egiten dut oraindik, pixka bat, baina duela hamabost urte utzi nuen. Orain tiroa soilik praktikatzen dut. Gustatzen zitzaidan kirol bat topatu nuen, nire desgaitasunarekin praktikatu nezakeena, eta geroztik hasi nintzen tiroan, hobby gisa. Eta begira nora ailegatu naizen.
Kemen kirol klubeko kide eta presidentea zara. Hor egiten duzuen lana oso garrantzitsua da, ezta?
Bai, kirola praktikatzea errazten diogu jendeari, kirola praktikatzeko baliabideak eskainiz. Atletismoan, txirrindularitzan edo palan hasi nahi duen jendearentzat, besteak beste, egokitutako material ona daukagu klubean. Material hori oso garestia da, eta gurean horiek probatzeko aukera eskaintzen dugu, erabiltzaileek erosi baino lehen.
Zure atzetik badatoz beste kirolari batzuk maila eman eta helburu jakinak lor ditzaketenak?
Bai, eta ikusi dut. Europako txapelketetan, adibidez, Portugalgo neska batek kendu zidan postua niri. 19 edo 20 urte izango zituen, oso gaztea zen. Izugarrizko emaitza lortu zuen berak, eta, segur aski, horrelako beste pila bat egongo dira. Beti dago baten bat, txapelketa guztietan.