Irailaren 6an argitaratuko dute arraunaren historiari buruzko Ziaboga aldizkaria
Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek elkarlanean bultzatzen duten Kontxa 100 proiektuaren edizio berri bat aurkeztu dute gaur: #Kontxa1924. Kontxako Banderaren bi igandeen arteko astean gauzatzen da proiektua, eta zortzigarren urtez, ekimenak traineru estropaden ondare kulturala eta historikoa berreskuratu nahi du, duela 100 urteko estropadetan gertatutakoa azalduz. Horretarako, besteak beste, Ziaboga aldizkariaren zortzigarren alea argitaratuko dute, irailaren 6an.
Aurten, 1924ko estropadak ikertu eta zabaldu nahi dituzte, hain zuzen ere. “1924ko Kontxako Banderaren edizioa berezia da, urte hartan argitaratu baitzen Ziaboga aldizkariaren lehen alea, aurrerantzean Donostiako banderaren estropadetan urtero argitara aterako zena. Horretaz gain, estropada berezi honetan, San Juanek bere lehen bandera lortu zuen Matxet patroi zuela”, azaldu dute aurkezpenean erakundeetako arduradunek eta Euskal Itsas Museoko eta Aquariumeko kideek.
Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoak nabarmendu duenez, “euskal arraunketaren eta, bereziki, Kontxako estropaden historia ezagutzeko lehen mailako informazio iturria de Ziaboga aldizkaria”. Alberdik jakinarazi duenez, 1924az geroztik estropaden kirol eta, batez ere, ondare izaera behin betikoz sendotu zedin eragin handia izan zuen Ziaboga aldizkariak. “100. urteurrena dela eta, Itsas Museoan egin dugun egitasmoetako bat izan da, hain zuzen, Ziaboga astekariaren ale guztiak digitalizatzea”. Beraz, gaurtik aurrera ale horiek ikusgai egongo dira Euskal Itsas Museoaren webgunean, eta irailaren 6tik aurrera, aurtengoa ere bai. Gainera, paperean, Diario Vasco egunkariarekin banatuko dute zortzigarren edizio hori.
Arraun Asteko programazioa
Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak programazio oparoa aurkeztu dute Arraun Astea izenpean; besteak beste, erakusketak, argitalpena edo Kontxako estropadak zuzenean jarraitzeko aukera izango da, Estropadak leihotik ekimenarekin.
Alde batetik, Ziaboga. Mende bat estropadetan erakusketa prestatu dute. Erakusketak Ziaboga aldizkari mitikoaren historia eta garrantzia ezagutarazi nahi ditu, estatu osoan arraunean espezializatutako lehena. Horrela, garaiko irudi, artikulu eta ale historikoen bidez, mende batean zehar aldizkari honen bilakaera grafikoaz eta edukiez gozatzeko aukera ematen du erakusketak. Euskal Itsas Museoko ganbaran egongo da ikusgai, gaurtik urtarrilaren 5era arte.
Bestalde, 1924ko Kontxako Bandera erakusketa ikusgai dago irailaren 10era arte, Aquariumeko sarreran. Francisco Laboa Matxeten aginduetara Pasai Donibaneko eskifaiak irabazitako 1924ko Kontxako bandera dago bertan. Bandera Pasai Donibaneko Bonantzako Santo Kristoren Basilikan egoten da gorderik, baina erakusketarako Donostiara ekartzea lortu dute, berriro itzuli aurretik. Bere ondoan, bandera hau irabazi zuen garaiko Matxetenen argazki bat dago ikusgai. Mendeurrena aintzat hartuta, gainera, Pasai Donibanen programa zabala prestatu dute Matxet eta garaiko eskifaiako arraunlariak omentzeko.
Estropadak leihotik
Euskal Itsas Museoak museoaren ateak irekiko ditu hirugarren urtez, irailaren 1ean eta 8an, Kontxako Banderako estropadak ikusteko aukera izateko. Piknik kutxa bat eskainiko zaie parte hartzaileei Kofradia-Itsas Etxea eta Mala Gissonaren eskutik. Jarduera irailaren 1ean eta 8an ospatuko da 10:30etik aurrera eta zortzi euroko prezioa izango du pertsonako. Erreserbak Euskal Itsas Museoaren webgunearen eta komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidearen bidez egingo dira eta edukiera mugatua izango du.
Gainera, Donostiako Aquariumak estropadetako bigarren igandean, irailak 8an, katering batekin Aquariumeko Mare terrazatik estropadak ikusteko aukera eskainiko dute. Ona Kitchen Katerinaren eskutik izango da bai janari eta edaria, 45 euroren truke. Erreserba www.ona.kitchen webgunetik egin daiteke edo honako telefono honetara deituz: 635-70 50 83. Plazak mugatuak izango dira.