Iñaki Kijera omendu dute
Gaur, irailak 1, 45 urte bete dira Espainiako Poliziak Iñaki Kijera gazte donostiarra hil zuenetik. Horregatik, urteroko legez, omenaldia egin zioten atzo Miramar jauregiko lorategietan, Kijeraren omenezko oroigarria baitago han. Aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zuten, besteak beste.
1979ko abuztuaren 31n, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen babes eskubidearen alde, Gipuzkoako Foru Aldundian itxialdia egin zuten hainbat eragile politikok, eta hurrengo egunean, irailaren 1ean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak antolatu zituzten. Joaquin Argote Gipuzkoako gobernadore zibilak Donostiako manifestazioa debekatu zuen, baina manifestatzaileak, azkenean, Bulebarretik atera ziren, eta Espainiako Polizia euren aurka oldartu zen.
Kijerak manifestazio horretan parte hartu zuen lagun batzuekin, eta liskarrak hasi zirenean Parte Zaharreko kaleetan murgildu zen. Polizia Parte Zaharretik sartu zenean, neska batekin batera, Alderdi Ederrera abiatu zen, eta bertan, polizia batek, hamar metrotik, tiro egin zion fusil batekin. Hamabost minutu inguru igaro zituen Kijerak lurrean botata, eta Poliziak harengana hurbiltzen saiatzen zen pertsona orori kolpeka eta pilotakadakaz eragotzi zien gerturatzea, baita Gurutze Gorriari ere. Azkenean, lagunek Kijera auto batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten, baina ospitalera iritsi ondoren hil zen.