Barbara Goenaga Zinemaldiaren inaugurazio galako aurkezleetako bat izango da
Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok zuzenduko dute gala Kursaaleko areto nagusian, hilaren 20an (21:00).
Donostiako Zinemaldiak xehetasun gehiagoren berri ematen jarraitzen du. Esaterako, 72. ekitaldiko gala bakoitzaren aurkezleak iragarri dituzte. Hilaren 20ko inaugurazio gala Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok zuzenduko dute, Barbara Goenaga aktore donostiarrarekin batera. Kursaaleko areto nagusian izango da, 21:00etan.
Egun horretan, Audrey Diwan zuzendariaren Emmanuelle filmaren estreinaldiaren aurretik, interpreteen grebaren ondorioz Javier Bardemek iaz jaso ezin izan zuen Donostia Saria jasoko du; halaber, Yorgos Lanthimosen Poor things filmari Fipresci Sari Nagusia emango diote, Epaimahai Ofiziala aurkeztearekin batera.
Marta Etura aktore donostiarrak Cate Blanchetti Donostia Saria emateko gala aurkeztuko du, hilaren 21ean (19:15). Saria entregatu ondoren, Blanchett bera protagonista duen Rumours filma eskainiko dute.
Hilaren 26an, berriz, Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia emango diote Pedro Almodovar zinemagileari (18:00). Ekitaldia Eneko Sagardoik aurkeztuko du, eta zuzendari espainiarrak Tilda Swinton aktorearen eskutik jasoko du saria. Ekitaldiaren ondoren emango den The Room Next Door filmaren protagonista da.
Bukaerako gala hilaren 28an izango da. Itziar Ituño eta Malcolm Treviño-Sitte izango dira aurkezleak, eta sari banaketaren ondoren, We Live in Time filma eskainiko dute Kursaalean.
Inaugurazio galarako eta bukaerako galarako sarrerak bihar jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, 80 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan. Donostia Sariaren bi banaketa ekitaldietarako txartelak —50 euro balio dutenak— ere erosi ahalko dira.