«Gazteak beren auzoko harategira joatera animatu nahi ditugu»
Etxezarreta harategiak 1955. urtean ireki zituen ateak; orain, 150.000 jarraitzaile baino gehiago ditu sare sozialetan. Hirugarren belaunaldia buru-belarri ari da familiako negozioan lanean.
Saihetsezina da teknologia berriak eta ogibide zaharrak moduren batean uztartzea, eta, askotan, beharrezkoa. Bretxa merkatuko Etxezarreta harategiaren kasuan, hori gertatu da: 1955. urtean irekitako harategia da, eta jada 150.000 jarraitzaile pasa ditu bere sare sozial guztiak batuta. Besteak beste, supermerkatuko haragiaren eta haienaren arteko alderaketak, harategi barneko lanen azalpenak eta errezetak ikus daitezke haien Youtubeko kanalean. Aitor Etxezarreta Cuña da kamera aurrean agertzen diren bi protagonistetako bat (Donostia, 1995); bestea haren osaba da, Iñigo Etxezarreta.
Zerk eraman zaituzte sare sozialetara?
Lagun batek Youtubeko kanal bat zuen, eta hark animatu zuen osaba gauza bera egitera harategiarekin. Azkenean, lortu zuten, eta, gero, osabak, ni konbentzitu ninduen.
Helduak gaztea konbentzitu zuen, beraz?
Bai, hala da. Jende askok pentsatzen du alderantziz izan zela, baina ez. Osaba beti izan da saltseroa Facebooken harategiko gauzekin, eta begi onez ikusi zuen proiektu berria.
Erraz onartu zenion proposamena?
Hasieran nik eta nire lehengusuak, Enetzek, parte hartu behar genuen, eta, azkenean, osaba eta biok gelditu ginen bakarrik. Lehen, oso gaizki pasatzen nuen kameraren aurrean, baina, orain, ohitu egin naiz, eta lortu dut kamera ez balego bezala aritzea.
Zer helburu duzue eduki digitalak direla eta?
Harakinaren ogibidea erakusteaz gain, gazteen ohiturak aldatu nahi ditugu. Gaur egun, gazteak supermerkatuetara joaten dira, haragi erretiluak erostera, inorekin hitz egin gabe, eta ilararik egin gabe. Horregatik, gazteak beren auzoko harategira joatera eta kalitatezko haragia erostera animatu nahi ditugu, diru aldea ez baita hain handia.
Ezjakintasunak bultzatutako beldurra da gazteena?
Bai; azkenean, harategian harakinarekin hitz egin behar duzu, nahi duzuna eskatu behar diozu, eta hark egin ditzakeen galderentzako erantzunik ez izateak supermerkatura bultzatzen ditu.
Elkarrizketa hau Berria egunkaritik ekarri dugu. Osorik irakurtzeko, Berriaren webgunea bisitatu dezakezue.