Realak altxatu du Euskal Herriko kopa
Udako oporraldia eta etena atzean uzten ari dira pixkanaka Donostiako lehen mailako kirol taldeak. Futbolean, Realeko neskek ez dute oraindik liga hasi, baina lagunarteko batzuk ez ezik, Euskal Herria Kopako finala ere jokatu dute. Atzo izan zen Tolosako Berazubi futbol zelaian, eta Athletic mendean hartu zuten penaltietan. Izan ere, hutsean bukatu zen norgehiagoka. Elene Lete atezain txuri-urdina erabakigarria izan zen penaltietan, bost jaurtiketetatik bi gelditu zituelako.
Realeko mutilek, berriz, abuztuaren erdialdean abiatu zuten liga, eta lau jardunaldi jokatuta, sentsazioak ez dira onak. Txuri-urdinak berdindu egin zuten atzo Getaferen zelaian (0-0), eta lau puntu eskasekin doaz ligako atsedenaldira —futbol selekzioen partiden txanda da—. Taldea bost fitxaketekin osatu arren, Realak oraindik ez dio neurria hartu denboraldi berriari, eta azken urteotan erakutsitako bertsiotik oso urrun daude oraindik.
Eskubaloian, Bera Berak pasa den liga bukatu antzera hasi du 2024-2025 denboraldikoa. Hau da, maila onean. Etxetik kanpo aritu ziren larunbatean, Nafarroako Beti Onak taldearen kontra, eta aise gainditu zituzten (23-35). Arrojeria kapitaina eta Tchaptchet izan ziren golegile nagusiak, bakoitzak bosna eginda. Ligako lehen partida irabazita, Bera Bera irailaren 7an eta 8an jokatuko den Iberiar Superkopari begira jarri da.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen Euskal Herria Kopa
- Reala 0 (3) – Athletic 0 (2)
Gizonezkoen liga, 4. jardunaldia
- Getafe 0 – Reala 0
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 1. jardunaldia
- Beti Onak 23 – Bera Bera 35