Donostiako biztanleen osasunaren inguruko diagnostikoa egiteko kontratazio espedientea onartu du udalak
Hiriko osasun diagnostikoa egiteko kontratazioaren espedientea onartu du Donostiako Udalak, 24.200 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta sei hilabeteko egikaritze epearekin.
Kontratuaren xedea Donostiako Osasun Diagnostikoa dokumentua diseinatzea eta egitea da. Dokumentu horretan, Donostiako biztanleen osasunaren eta osasun desberdintasunen determinatzaileei buruzko azterlan zientifiko eta ikerketa baten emaitzak jasoko dira.
“2016an onartu zen Erakunde Lokalen Euskal Legea, eta hor jasotzen zen udalentzako eskuduntza berri bat, osasunari dagokiona. Batez ere, osasunaren promozioaren eskuduntza izango litzateke. Testuinguru horretan, gaurkoan onartu dugunaren xedea da gure hiriaren diagnostiko hori eduki ahal izatea, donostiarren osasunaren ingurukoa, ikusteko zein izan daitezkeen hirian, leku desberdinen arabera, ematen diren osasun desberdintasunak”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Goiaren arabera, diagnostiko horrek balioko dio udalari jakiteko osasun publikoaren sustapenean non lan egin behar duen.