Oholtza aldaketekin eta eskaintza ugariarekin dator Boga Boga jaialdia
Aieteko Jauregiko kontzertuak Egiako oholtzara lekualdatu dituzte, gunetik gertu auzoko jaietako kontzertuak eskainiko baitira ordu berdintsuan.
bogabogajaialdiaLehenengo urteak izan zuen arrakastaren ondoren, oholtza anitzekin dator bueltan Boga Boga festibala. Gin Musicak eta Dabadabak antolatutako jaialdia hiriko hainbat txokotara barreiatuko du bere eskaintza, eta besteak beste, Gazteszena, Chillida Leku, Tabakalera, Zurriola eta Dabadaban eskainiko dituzte kontzertuak hilaren 5etik 20ra bitarte. Gaur goizean iragarri dutenez, halaber, aurten kontzertu sorpresa berezia egongo da Balenciaga museoan.
Jaialdia irailaren 5ean hasiko da, osteguna, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Klubean, Andrea Buenavistaren emanaldiarekin. Donostiako musikariak rockaren eta folklore hispanoamerikarraren arteko emanaldia eskainiko du. Jarraian, Dabadaban jarraituko dute kontzertuek: Mark Duti talde donostiarrak musika instrumentalarekin girotuko du aretoa eta, horren ostean, Mongoliako Tengger familiak drone magiko psikodelikoa eskainiko du.
Hurrengo egunean, hilak 6, grunge estiloko Mudhoney musika taldeko sortzaileak izango dira Egian, baita Lisabö, Melenas eta Ithaka taldeak ere. Hasiera batean, kontzertuak Aieteko Jauregian egitekoak ziren kontzertuak Egiako oholtzara lekualdatu dituzte, 100 metro eskasera Aieteko Jai Batzordeak kontzertuak baititu, jaien harira: “Geure ekarpena egin nahi dugu, eta ez inorekin lehian sartu”, adierazi du Sergio Cruzado antolatzaileak.
Larunbatean, berriz, Chillida Leku museora lekualdatuko dute eskaintza, eta Gorka Urbizu, Sara Zozaya eta Los Sara Fontan izango dituzte oholtza gainean. Era berean, Inforockek antolatzen duen Boga Boga Metal Fest jaialdiarekin kolaboratuko dute; Hellmuga, Elizabeth eta Eraso taldeak arituko dira jaialdi horretan.
Kursaala erdigune
Kursaalaren hogeita bosgarren urteurrenarekin bat eginez, Zurriolako kanpoaldeko espazioek Boga Bogarekin bat egingo dute. Programazioa doan izango da 14 eta 15ean, eta bi terrazetako kontzertuez gain, DJen saioak izango dira eguerditik aurrera Mercadabadillo merkatua girotzeko.
Larunbat iluntzean, Adriana Ubani Alvarez kanariarrak eta Paula Reyes Morillas madrildarrak osatzen dute Pipiolas bikoteak hasiera emango die terrazetako kontzertuei. Ondoren, Nueve Desconocidos taldea Alacanteko Teo Lucadamo pop musikaria izango dira, eta horien ondotik, Ane Barcenak eta Raquel Pagesek osatutako Pinpilinpussies bikote eusko katalana igoko dira oholtzara. Azkenik, The Wave Pictures hirukote britainiarraren emanaldiaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.
Hurrengo egunean, hilaren 15ean, bertako eskaintza indartuko dute terrazetan. Nize, Toc, eta Tatta eta Denso taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Amaiera gisa, Detroitetik ekarritako Bonny Doon hirukotea izango da oholtzan, eta parranda luzatzeko asmoa dutenek Boga Boga after party izeneko ferstaz gozatu ahal izango dute Dabadaba aretoan. Sarrerak esteka honetan eros daitezke.
Musika, kontzertuez harago
Kontzertuk izango dira jaialdiaren jaun eta jabe, baina eztabaidarako tartea ere eskainiko dute aurten. Izan ere, irailaren 5ean eta 6an, EHUrekin lankidetzan, udako ikastaroa antolatu dute Dabadaban: “Musika-jaialdi baten sorkuntza eta ekoizpena eta lurralde bateko ekonomian eta kultura-ehunean duen eragina” aztertuko dutela iragarri dute.