Arte galerien ateak irekiko dituzte, laugarrenez
Hilaren 12tik 15era egingo dute laugarren Irekiak Gallery Weekend jaialdia. Hiriko zenbait espazio artistikotan jarduera eta erakusketa ugari antolatu dituzte. “Erakusketa denboraldiari hasiera emango dio, galerien indarrak erakundeekin batzea helburu hartuta, arte garaikidearen bidez sare kulturala sendotzeko”, azaldu dute gaur Tabakaleran egindako aurkezpenean.
Donostiako Arte Garaikideko Galerien Elkarteak (DAGGE) aretoen ateak irekiko ditu aurten ere, jendarteak gertutik ezagutu ditzan sorkuntza garaikideena erakusten duten espazio horiek. DAGGEk, Donostia Kulturak eta Tabakalerak antolatu eta koordinatzen duten jaialdiak beste hiri batzuen ereduari jarraitzen dio. “Urtero, eskaintzen dituen ezinbesteko bisita gidatuek zirkuitu inspiratzaile bat osatzen dute, artea mota guztietako publikoengana hurbiltzeko eta diziplina desberdinetatik sortzaileek egiten duten lana ezagutzera emateko”, nabarmendu dute.
Instalazioak eta performanceak, argazkilaritza, eskultura, pintura, marrazkia, arte digitala, proiekzioak… ugariak dira Irekiak jaialdiak eskainiko dituen proposamenak. Oraingoan parte hartzen duten galeriak bost dira: Cibrian, La Central Art Gallery eta Arteko Grosen; Ekain arte lanak Parte Zaharrean eta Arteztu Antigua auzoan. Tabakalerako erakusketa areto nagusiko kontzertu iradokitzaileak eta Kursaaleko fatxadako proiekzioak osatuko dute lau eguneko egitaraua.