Bost pertsona atxilotu dituzte, merkataritza gune batean lapurreta egitea egotzita
Ertzainek 18 urtetik 37 urtera bitarteko bost gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean, Andoainen, lehenago Donostiako merkataritza gune batean egindako lapurretaren egileak izatea leporatuta. Atxilotuak sarrerako ate bat palankaz behartuta sartu dira barrura.
04:00ak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakinarazi diote ustez lapurreta egin dutela Donostia kanpoaldeko merkataritza gune batean, eta patruila bat hurbildu da bertara. Patruilak egiaztatu du sarrerako ate bat palankaz behartu dutela eta bertako establezimendu bateko kutxa erregistratzailea ere behartuta zegoela, tiradera zabalik eta hutsik baitzegoen.
Jakin ahal izan denez, lapurreta hainbat pertsonak egin dute, eta gero furgoneta batean ihes egitea lortu dute. Abian jarri den ikerketaren ondorioz, handik pixka batera aurkitu dute lapurretaren egileek ihes egiteko erabili duten ibilgailua Andoaingo kale batean aparkatuta, barruan bi pertsona zituela.
Bi pertsonak identifikatu dituzte ertzainek, eta, aldi berean, egiaztatu ahal izan dute inguruan zegoen beste txabola batean susmagarrien ezaugarri fisikoekin bat zetozen beste hiru gazte zeudela. Txabola barruan indarrez lapurretak egiteko erabil daitezkeen hainbat tresna aurkitu dituzte.
Bost identifikatuak merkataritza gunean lehentxeago egindako lapurretan inplikatuta zeudela egiaztatu ondoren, atxilotu egin dituzte. Jarraian, polizia egoitzara eraman dituzte dagozkion izapideak egin eta, ondoren, agintari judizialaren eskuetan jartzeko.