Isabel Herguera: «Animaziozko lan on batek zintzotasuna izatea ezinbestekoa da niretzat»
Isabel Herguera artista bisuala da, animazio filmen zuzendaria, ekoizlea eta irakaslea. Animadeba jaialdian epaimahai nagusiaren buru da. Horrez gain, EITB saria jasoko du Herguerak jaialdian bertan.
Euskal Herriko animaziozko zineman ezinbesteko izena da Isabel Herguerarena (Donostia, 1961). 1980ko hamarkadan sortu zituen bere lehen lanak, eta iaz estreinatu zuen El sueño de la sultana da bere azken lana. Ibilbide hori aitortuko diote Animadeba jaialdian, EITB sariarekin. Sortzaile ez ezik, jaialdiko epaimahaiko burua ere izango da oraingoan.
Ibilbide oparoa duzu jaialdietan, eta orain Animadebako epaimahaikideko kide izango zara. Nola jaso zenuen berria?
Ilusio handia egin zidan. Animadebaren jarraitzailea naiz jaio zenetik; beti izan naiz fan sutsua. Gainera, gero eta lan hobeak daudela iruditzen zait, kalitate hobeagokoak. Topaketa eremu bat da, eta animazioari izugarrizko laguntza eta bermea ematen dio. Horrez gain, funtsezkoa iruditzen zait jaialdiari ez ezik Aitor Oñederraren [Animadebako zuzendariaren] lanari ere babesa ematea; beraz, Animadeba joaten den lekura joaten naiz ni.
Zer da Animadeba Euskal Herriko animazioan?
Animazioan aritzen garen guztion topalekua da, eta hori asko eskertzen dugu, ez baitugu beste distrakziorik. Areago, programazioa gure gustukoa izango da, bertan iritziak elkarbanatuko ditugu eta benetan jakingo dugu zer irakiten den animazioaren harrobian. Izan ere, hor daude work in progress lanak, baita Arte Ederren Fakultateko lan berriak ere. Halaber, horren guztiaren alderdirik onena da ez dagoela jaialdi handietako estresik.
Zure ustez zer behar du animazioko lan batek ona izateko?
Animaziozko lan on batek zintzotasuna izatea ezinbestekoa da niretzat. Bestalde, maila bisualean eta istorioari dagokionez arriskatzea baloratzen dut. Nire ustez, horrek egiten du lan bat berezi edo ezberdin. Nolabait esatearren, izan dezala berezko ikuspuntu bat.
Elkarrizketa hau Berria egunkaritik ekarri dugu. Osorik irakurtzeko, Berriaren webgunea bisitatu dezakezue.