'75 urte artearekin bat' erakusketa zabalduko du Gipuzkoako Artisten Elkarteak
Bihar inauguratuko dute Gipuzkoako Artisten Elkartearen 75. urteurrenaren harira sortutako erakusketa kolektiboa, Okendo Kultur Etxeko eraikin zaharreko erakusketa aretoan. 19:00etan irekiko dute, eta irekiera horretan, Iñaki Miguel piano jolearen zuzeneko musika entzuteko aukera ere izango da. Erakusketa azaroaren 6ra arte egongo da ikusgai.
Gipuzkoako Artisten Elkartea 75. urteurrena ospatzen ari da. 1949ko otsailaren 12an sortu zen Donostiako Gipuzkoako Ligako areto nagusian, Agustin Ansa buru zela, eta Arte Ederretako margolari, eskultore eta lagun ugariren parte hartzearekin abiatu zuen ibilbidea. “Lehen presidentea Ricardo Baroja zela, elkarteak lan nekaezina egin du gure kulturan artea babestu eta sustatzeko. Gaur, elkarteak ondare horrekin eta konpromiso berri batekin jarraitzen du”, azaldu du elkarteak.
Erakusketaren harira, programa bat ere prestatu dute. Horrela, irailaren 19an bisita gidatua egingo dute, 19:00etan, Sofia Arostegiren eskutik. Urriaren 1ean, Aitor Alvarezek Adimen Artifiziala eta artea hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, eta azkenik, urriaren 21ean, 75 Aniversario de la Asociación Artística de Gipuzkoa dokumentala proiektatuko dute, 18:30ean.