Amara Berriko bizilagunek ez dute palmondorik nahi
Bizilagunek ez dute ulertzen nolatan egin diezaioketen uko lekualdaketari, "kamioi bat kontratatzea baino ez bada".
Amezketa kalearen aldamenean kokatzen den plaza txiki bateko bizilagunak urteak daramatzate inguruko palmondoak kendu ditzatela eskatzen. Orain, auzoko urbanizazio proiektuari esker, udalak plazako saneamendu sarea eta lurzorua aldatu behar du, urteekin hondoratu egin baita plazaren plaza bera. Palmondoak, baina, bertan uzteko asmoa dute, metro batzuk harago, planteamenduak ezartzen duen moduan.
Amezketa plazak hiru palmondo ditu: lehena Errondo kaletik gertu dago, plazaren izkina batean; zuhaitz horren diagonalean kokatzen bestea, Katalina Erausora doan kaletik gertu, eta hirugarren bat, azkenik, txikiagoa, errondo kalekotik gertu. Lehen biek metro batzuk egiten dute gora, etxebizitzetako lehen solairuetara ailegatuta, eta plazan sartzen den argitasun urria murrizteaz gain, pasabide da auzoan zehar ibiltzen diren karraskarientzako: “Arratoiek palmondo horiek eskalatzen dituzte eta izkinako bizilagun horren balkoian sartu izan dira”, azaldu dute pare bat auzokidek, balkoia seinalatu bitartean.
Duela hilabete hasi ziren plaza berritzeko lanak, bizilagunen harridurarako, eta bilera bat eskatu zuten Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziarekin. Lehen bileraren ostean bizilagunen iradokizunak jaso zituzten, plazako hainbat zuhaitzek inausketak behar baitituzte, lehen solairuetako bizilagunen argitasuna bermatzeko. Era berean, plaza iluna izan ohi denez, farolen argitasuna neurtu dezatela eskatu diote udaleko teknikariei.
Bizilagunen arabera, udalak lehen bi eskaerak onartu ditu, baina uko egin dio hirugarrenari: palmondoak behin betiko kentzea. Auzo elkarteko iturriek jakinarazi dutenez, palmondoak “metro batzuk harago” baino ez dituzte mugituko, baina plazan geldituko dira. Errondo kaletik gertuen dagoena, plazaren erdian jarri nahi dute, lanak amaitu bezain laster. Katalina Erauso eskolara bidean dagoen bestea berriz, bost metro atzeratu: “30 urtez bizilagun bati molestatu diona, orain aldamenekoari pasako diote”, adierazi du auzokide batek.
50 lagun bildu ziren udaleko ordezkariekin izan zuten azken bileran, eta aho batez eskatu zioten palmondoak kentzea. Hala azaldu dute, berriki zinegotziari bidali dioten idatzian ere: “Palmondoak plaza berean edo aldameneko plazan kokatzearen aurkako oposizio erradikala da, plazaren erdian birkokatu nahi denari dagokionez, okupatuko lukeen espazioak plazak jolaserako eta bizikidetzarako duen espazio urria galtzea ekarriko lukeelako”.