Greba mugagabea abiatuko dute udalak azpikontratatutako garbitzaileek
ELA, ESK eta CCOO sindikatuek greba mugagabera deitu dute irailaren 16tik aurrera Gizatzen enpresan, Donostiako Udalak bere hainbat instalazio garbitzeko azpikontratatutako enpresan; besteak beste, eskola publikoak, kultur etxeak, haurtxokoak eta antzokiak garbitzen dituzte enpresa horretako langileek.
ELAk azaldu duenez, grebaren “helburua da langileek jasaten duten soldata eskala bikoitzarekin amaitzea —ia 4.000 euro gutxiago kobratzen dute lan bera egiteagatik— eta erosahalmena bermatzea. Maiatzean astebeteko greba deialdia egin ondoren, enpresak ez ditu aldarrikapen horiek aintzat hartzen. Gizatzenen 180 pertsona inguruk egiten dute lan; %90 baino gehiago emakumeak dira, eta heren batek lan kontratu partzialak ditu”.
Sindikatuen ustez, udala da langileen egoeraren “erantzule nagusia”: “Plegu berria atera zuenean, ia 300 ordu murriztu zizkien astean, hau da, hornidura ekonomikoa murriztu zuen eta ahalbidetu zuen azpikontratatutako enpresak hitzarmen probintziala aplikatzea. Larria da enpresa berean lan bera egiten duten bi pertsonek soldata desberdinak jasotzea, baina are gehiago diru publikoarekin finantzatzen denean, administrazio publiko batek gainbegiratuta, kasu honetan Donostiako Udalaren onespenarekin”.
ELAk gaineratu duenez, Gizatzen enpresa pleguen adjudikazioduna izan zen 2022an eta kontratuaren ardura hartu bezain laster, “soldata eskala bikoitza sortu zuen enpresak. Aurreko enpresako langile subrogatuei enpresa akordioa aplikatzen jarraitu zitzaien; 2022ko otsailetik aurrera kontratatutakoei, berriz, Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Hitzarmen Kolektiboa. Horrela, probintziako hitzarmena aplikatzen zaien langileek ia 4.000 euro gutxiagoko soldata jasotzen dute lan bera lantoki berean egiteagatik”. Horregatik, langile guztiei enpresako hitzarmena aplikatzea eta soldatak 2022tik aurrerako KPIaren eguneratzea eskatzen ari dira langileak, sindikatuen bidez.