Martuteneko presoak 2025eko udaberrian lekualdatuko dituzte Zubietara
Beste atzerapen bat gehiago. Gutxienez lau aldiz geroratu du udalak Martuteneko espetxean dauden presoen lekualdatzea. 2021ean hasi ziren Zubietako Eskusaitzeta eremuko presondegi berria eraikitzen, baina lanek etengabeko atzerapenak izan dituzte eta udalak tantaka helarazi ditu data berriak. Azkena, iragan otsailean izan zen, Eneko Goia alkateak zehaztu baitzuen 2025. urtearen hasieran jarriko zela martxan espetxea.
Orain, baina, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, 2025eko Aste Santuaren bueltan hustuko dute Martuteneko presondegia, azken lanak atzeratzen ez badira, betiere: “Kartzela egokitu egin behar da, altzariz hornitu, mantentze enpresa bat kontratatu, eta prozesu hori luzatu egin ohi da, lehiaketa publikoa beharrezkoa dela kontuan hartuta”, jaso dute hedabidearekin hitz egindako iturriek.
Beste espetxe batzuetako esperientziaren arabera, behin obra amaituta, hilabete batzuez itxaron behar dute segurtasun sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela egiaztatzeko. Espetxea ekipatuta egon arren, azpiegitura guztia probatu behar dute eta segurtasun neurriez harago, presondegian eskaintzen diren hezkuntza eta osasun baliabideen espazioak bermatu behar dituzte. Izan ere, egun, Martuteneko espetxean, beste profesional askoren artean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskolak ematen dituzten Helduentzako Eskolako irakasleek eta Osakidetzaren mendeko osasun langileek egiten dute lan, eta horiekin koordinatu behar dute kokapen aldaketa.
Txomiñeneko bigarren fasea
Espetxearen proiektua 2005etik dago martxan, eta aurrera pausoak eman dituen arren, geldialdi luzeak izan ditu. Lanen atzerapenen ondorioz, hain zuzen, Donostiako Udalak fasetan banatu behar izan du Txomiñeneko hirigintza proiektua. Izan ere, Txomiñenenko bigarren fasea egungo presondegiaren eremuan egitekoa da, eta lan horiek 2018an ziren hastekoan, hasiera batean. Hala, espetxea Martutenetik Zubietara lekualdatzea behin betiko egiten denean, udalak egungo eraikina eraitsi eta bigarren fasean aurreikusten diren 360 etxebizitza eraikitzeari ekingo dio.