Produktu ekologikoen azoka jarriko dute larunbatean Donostian
Azoka ekologikoen udako martxa Donostiara helduko da larunbatean (hilak 7), Euskal Jaien egitarauaren barruan. Biolur Elkarteak antolatu du elikagai ekologikoen azoka, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren lankidetzarekin. “Udako azoka ekologikoak ekimena ingurugiroarekin errespetuan ekoizten duten profesionalen eta konpromiso bera eta kalitate ezin hobeagoko elikagaiak eskuratu nahi dituzten kontsumitzaileen topagunea da”, azaldu du Biolurrek, ohar baten bidez. Azoka Bulebarrean jarriko dute, 10:00etatik 14:00etara.
Antolatzaileek azaldu dutenez, askotariko produktuak aurkituko ahalko dira azokan: barazkiak, ardi eta behi gaztak, eztia, gozoak, ogia, marmeladak, eta abar. Hogei bat parte hartzaile izango dira azokan, gehienak, Gipuzkoako ekoizleak izango dira, baina Bizkaitik, Nafarroatik, Ipar Euskal Herritik eta Errioxatik ere etorriko dira.
Horrela, azokaren garrantzia nabarmendu du Biolurrek: “Aurten ere Euskal Jaiaren egitarauen azoka ekologikoa izango da, eta Bulebarra ekoizlez beteta ikustea garrantzitsua da, sektoreak egiten duen lana erakusteko, herritarrei elikagai ekologikoen garrantzia ezagutzera emanez. Azokak duten balioa aldarrikatzea ere bada neurri batean, uste baitugu oro har azokak mantentzea eta duten balio guztiaz jabetzea ez dela gure ardura bakarrik, baizik eta gizarte osoarena, garaiko elikagaiak, jatea, freskoak, prezio duinetan eta osasuntsuak guztientzako eskubide bat badelako, gizarte gisa dagokiguna”.