175 urte bete ditu Udaltzaingoak
Donostiako Udaltzaingoak 175 urte bete ditu aurten, eta hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Programatutako ekitaldien artean, datorren ostegunean, irailak 12, 17:30ean, Okendo Kultur Etxean hainbat hitzaldi eskainiko dituzte. Horietan, Javier Sadak Donostiaren sorreratik XX. mendearen hasierara arteko historiaz hitz egingo du, hiriko biztanleen segurtasunaren zenbait alderdiri erreferentzia eginez; Jose Manuel Etxanizek Udaltzaingoa sortu aurreko zaindariei, aguazilei eta gauzainei buruz hitz egingo du, eta Patxi Encinasek Udaltzaingoari buruz hitz egingo du, bere sorreratik gaur egunera arte.
Irailaren 12tik 28ra arte, 30 irudiz osatutako argazki erakusketa bat jarriko dute Garberan, 1889-1980 aldia hartuko duena, eta urte horietako Udaltzaingoaren historia erakutsiko duena.
Zerbitzuarekin lotutako beste erakusketa bat Txispak eta Udaltzaingoa izenekoa izango da, eta irailaren 20tik azaroaren 20ra egongo da ikusgai Okendoko Kultur Etxean. Bertan, Adolfo Luzuriaga Txispas kazetari eta ilustratzaileak Udaltzaingoa eta bere jarduera ardatz duten bineten aukeraketa bat erakutsiko du.
Jarduera horiez gain, barnekoagoak ere egingo dira, hala nola xakeko eta polizia tiroko txapelketak, Udaltzaingoa osatzen duten pertsonen familientzako haur jardunaldia edo Eneko Goia alkatearen harrera.