40 urteren ondoren, auzoa egiteko haziak ereiten jarraitzen du
Amara Berriko Ilunki elkarteak 40 urte bete ditu, eta hurrengo larunbatean ospatuko dute urteurren berezia, egun osoko festa batekin. Auzoko hamaika proiekturen ernamuina eta etxea izan da lau hamarkadotan, eta hala izaten jarraitu nahi du.
Amara Berriko ia edozein herri eragilek harremana izan du Ilunki Kultur Elkartearekin; izan bertan bilera bat egiteko, izan bertan jarduera jakin bat egiteko edo izan afari baten zein barran trago batzuen bueltan auzoarentzako proiektu berri bat sortzeko ideia plazaratzeko. Ilunkik, hain zuzen ere, 40 urte bete ditu, eta etorkizuneko elkartea eraikitzen hasteko baliatu nahi dute urteurrena.
Elkartearen historian eta etorkizunean murgildu aurretik, datu historiko bitxi bat: zergatik jartzen du horman Ilunbe Elkartea eta toldoan, aldiz, Ilunki Kultur Elkartea? Hala azaldu du Ekain Rodriguez bazkide beteranoak (Amara Berri, 1979): «Ilunbe zen ospitaleen zonan zegoen azken baserria, eta horregatik jarri zioten izen hori elkarteari. Zezen plaza eraiki zutenean, ordea, udalak izena aldatzera behartu gintuen. Orduko diruzaina, Joxe Mari Arandia zen, beti entziklopediekin zebilen 80 urteko euskaldun berria, eta ilunbe hitzaren sinonimoak bilatuz, ilunki hitza aurkitu zuen; lehenengoak iluntasuna esan nahi badu, bigarrenak iluntasunaren iluntasuna esan nahi du. Eta izen hori jartzea erabaki zuen».
Herri mugimenduaren etxe
1980ko hamarkadan, Euskal Herriko herri mugimenduaren barruan askotariko eragileak ugaritu ziren: bizilagunen elkarteak, euskara batzordeak, amnistiaren aldeko mugimenduak, eta abar. Rodriguezek azaldu duenez, testuinguru horretan sortu zen Ilunki: «Ezker abertzaleak nabaritu zuen espazioak behar zituela auzoetan mugitzeko. Horrela, Amara Berrin, 1984an, 20-30 pertsona bildu ziren eta kultur eta gastronomia elkartea sortzea erabaki zuten, helburu zehatzekin: euskara sustatzea eta hilda zegoen auzo bat suspertzea».
Beste elkarte askotan gertatu zen moduan, sortzaileek euren poltsikotik egindako ekarpen ekonomikoekin eta auzolanean egindako lanarekin, Ilunki elkarteak 1984an ireki zituen ateak. Rodriguezek nabarmendu duenez, hasieratik, auzoko eragile ugari elkartea erabiltzen hasi ziren euren jarduna garatzeko, eta, besteak beste, elkartetik jaio ziren jaiak.
Nabarmendu dutenez, «funtzio bikoitza» du Ilunkik: «Herri mugimenduarentzako espazio erabilgarria izatea eta auzoko dinamiketan agente aktibo izatea, auzoan bere ekarpena eginez»
Jaio zenetik, beraz, auzoan haziak erein ditu Ilunkik, eta garaiak aldatu badira ere, funtzio hori betetzen jarraitzen duela azaldu du Mikel Sarasola bazkideak (Amara Berri, 1997): «Pandemiaren harira, taberna itxi genuen, baina elkarteak jarraitu du izaten auzoko mugimenduek erabiltzeko espazio bat, bereziki, jai batzordearentzat. Orain, Kaleko Afari Solidarioetako kideek ere erabiltzen dute, kozinatzeko».
Maria Sarasola bazkideak (Amara Berri, 1997) gaineratu duenez, elkarteak beste funtzio bat ere bete du azken urteotan. «Herritarrok edozer gauza antolatzeko edo gauzatzeko dugun espazio faltaren aurrean, elkartearen funtzioa ere izan da jarduera puntual batzuk aurrera eramateko espazioa eskaintzea. Eta, ahalbidetu du auzoan elkartearen balioak eta ikuspegia dituen espazio bat egotea». Izan ere, nabarmendu dutenez, «funtzio bikoitza» du Ilunkik: «Herri mugimenduarentzako espazio erabilgarria izatea eta auzoko dinamiketan agente aktibo izatea, auzoan bere ekarpena eginez».
Urteurrena, bide berriari ekiteko
Ilunkik auzoa egiten jarraitzen badu ere, bazkideek aitortu dute pandemia «inflexio puntu bat» izan zela, eta elkartea ez dela bere garairik «loriatsuenak» bizitzen ari. Hori dela eta, argi edukita 2024ko beharrak ez direla 1984koak, barne prozesu bat abiatu zuten pasa den ikasturtean, elkarteak garaiotan bete behar dituen funtzioen inguruan hausnartzeko.
Horrela, Mikel Sarasolak argi azaldu du zein den planteatu duten erronka: «Ulertzen dugu behar dugula espazio bat erabilgarria izango dena edonorentzat. Eta, momentu honetan, agian ez da horren erabilgarria zentzu horretan, 1984an planteatutako espazio bat delako, orduko beharretara egokitutakoa. Orduan, norabide hori hartzen hastea da asmoa, elkartea transformatzeko, egungo dinamikentzat erabilgarria izango dena eta auzotarrek espazio ireki gisa ikusiko dutena. Honek izan behar du espazio bat non, adibidez, mugimendu feministak hitzaldi bat eman dezakeen, xake taldeak txapelketa bat antolatu dezakeen, eta abar. Hau da, zerbait kontsumitu gabe ere, pertsiana ireki eta erabili ahalko duzuna».
Bide horri ekiteko lehen pauso gisa, hilaren 14ko Ilunki Eguna antolatu dute, egun osoko egitarauarekin —kontzertuak, bazkaria, jolasak, eta abar—. Egunaren garrantzia nabarmendu Maria Sarasolak, hain zuzen ere: «Ilusio partekatu bat sortu nahi dugu. Proiektuek irauten dute proiektu horien parte diren pertsonek elkarrekin denbora partekatzen badute. Ideiak, proposamenak eta erokeriak elkargune batean sortzen dira, eta urteurrena bada aitzakia bat halako elkargune bat sortzeko egun horretan, elkarrekin amesteko testuinguru bat proposatu dezakeena. Ilusio asko pizten ari da Ilunki Eguna bazkide zaharrenen zein gazteenen artean, eta horrek erakusten digu horrelako proiektu batek aurrera egin dezakeela gaur egun ere».