Auzolana oinarri, Porrontxoen jai giroa zabalduko dute
Porrontxo jai jendetsuek hankaz gora jarriko dute Egia. Hilaren 9tik 14ra bitarte, gustu guztientzako jarduerak eskainiko dituzte eta auzoan zehar barreiatuko dute jai giroa. Betiko jarduera arrakastatsuez gain, auzoko hainbat eragileren berritasunak nagusituko dira aurten.
«Ondo pasa nahi duen edonork bere gustuko zerbait topatuko du Porrontxo jaietan, denetatik egongo baita». Adierazpen irmo horrekin iragarri dituzte June Alduntzin (Egia, 2001) eta Naroa Moreno (Egia, 2003) jai batzordeko kideek iristear dituzten festak. Hamaika jardueraz osaturiko zazpi eguneko egitarauarekin datoz jaiok, eta, aurten, Kaleko Afari Solidarioak taldeak botako du txupina.
Egiako jaiek adin tarte guztientzako jarduerak izango dituzte, eta aurten, bereziki, haurren eskaintzak hartuko du indarra: «Gazteen egunean, haurren egitaraua ere indartu dugu, auzoko hainbat eragileren laguntzari esker; tartean, ikastolarena». Horrez gain, izango da aldaketaren bat edo beste, aurrekontuaren egokitzapenak bultzatuta: «Udalak jai herrikoiei ematen dizkien laguntzak gero eta urriagoak dira eta horrek bete-betean eragin die Porrontxoei ere», aitortu dute dute jai batzordeko kideek.
Diru laguntzen kopuruak musikari eragin dio, batik bat. Nolanahi ere, aldaketok ez dute gaueko eskaintzaren kalitatea jaitsiko eta beste behin, aniztasuna izango da nagusi: «Beti bilatzen dugu gustu guztietarako musika egotea eta Plaza Haundi eta Plaza Berriko musika desberdina izatea». Hala, rock taldeez gain, estilo anitzetako DJ-ak, erromeria eta helduagoentzako guatekea eskainiko ditu aurtengo programazioak.
Jaiak zabaltzeko beharra
Urteroko moduan, jaietan parte hartzen duten txaranga mordoak auzoko txoko guztietaraino barreiatuko du festa giroa. Aurten, baina, musika ez ezik, auzoko hainbat eragile izango dira jai gunea hedatzearen erantzule: boxeo gau ekitaldia egingo dute Zentro Sozialistan, haurrentzako jarduerak antolatuko dituzte Gladys Enean, DJ-ak izango dituzte auzoko hainbat tabernatan eta haurrentzako gozo-eltzea egingo dute Ametzagaña kalean.
Festak auzoko hainbat gunetara zabaltzea ez ezik, eragile askoren ekarpenak ere indartuko du jai gunean bertan ematen den eskaintza. Aurten, esaterako, Saretuz elkartearen arropa trukea egingo dute aurrenekoz Plaza Haundin, eta urtero antolatzen den jota emanaldiaren ordez, mariatxiak izango dituzte larunbat eguerdian, Doña Chepina jatetxe mexikarrak bultzatuta: «Azkenean, ongi etorria da gure jaien filosofiarekin bat datozen jarduerak antolatzeko prest dagoen edonor», adierazi du Morenok.
Auzolana giltzarri
Komertzioak eta eragileak ez ezik, auzoan kuadrilla mordoak laguntzen du jaien antolaketan. Edonola ere, hamabost kide izan ohi dira gurdiari tiraka aritzen direnak: «Jai batzordea aurrera ateratzea kostatu egiten zen urte batzuetatik gentozen. Baina, aurten, deialdia egin dugu, eta jendeak erantzun du», adierazi du Alduntzinek. «Jende guztiak argi du zerbait egin beharko duela, eta arduraren bat edo beste izango duela jaietan parte hartzeko; ez dela dena festa izango, alegia», gaineratu du Morenok.
Aste honetan izan dute azken bilera, eta azken hari-muturrak finduta, gogoak dira nagusi jai batzordeko kideen artean: «Orain ja jendea motibatzen hasi da: karroza eta mozorroen inguruan hitz egiten eta horrela…». Egiatarrek hasi dute atzera kontaketa. •