Jolastokieta, jai giroan murgiltzeko prest
Azken urteotako egitaraua gehiegi aldatu gabe, baina beti bezain gogotsu eta ilusionatuta, hemen dira Jolastokietako jaiak. Astelehenean hasiko dira motorrak berotzen, eta, ostegunetik aurrera, festa izango da nagusi Altzako auzunean.
Auzo handia da Altza, auzune ugari dituena, eta, horrekin batera, baita jai ugari dituena ere. Larratxokoak, Herrerakoak, Buenavistakoak eta Oletakoak ospatu zituzten ekainean, sanmartzialak ekaina eta uztaila artean eta Jolastokietakoak lehertzear dira orain. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Miguel Angel Diez auzotarra 1980ko hamarkadatik dabil jaien antolaketan eta sustapenean buru-belarri, eta dagoeneko duela bi urte, jai batzordea uzteko asmoa agertu zuen, «belaunaldi erreleboa sustatzeko». Ordea, iaz ibili zen jaien antolaketan, baita aurten ere: «Ez da erraza izaten ari lan boluntarioa egingo duen jende berria aurkitzea, eta momentuz jarraitzen dut jaien antolaketan». Era berean, aitortu du gustura aritzen dela jaien antolaketan: «1980 ingurutik nabil Altzako bizilagunen elkartean, eta jaien antolaketan 1986tik. Nire onena eman dut beti jaiak antolatzeko». «Sei pertsona gaude batzordean modu finkoan, baina lagun, senide eta bizilagun askoren laguntza eta babesa dugu, noski», gehitu du. Horrela, aurten ere, Diez izan da jaien nondik norakoak azaldu dizkiguna.
Berritasun batzuk
Ez dira asko, baina berritasun batzuk badakartzate Jolastokietako jaiek aurten, jai batzordeko kideak azaldu duenez: «DJ desberdinak ditugu aurten: Gorka Beat ostiralean eta Eto larunbatean. Bestalde, igandean, kultur etxearen XXXVIII. urteurrena ospatuko dugun egunean, herri kirolen erakustaldia izango dugu ohiko legez, baina aurtengo kirolariak beste batzuk izango dira. Horrez gain, haurrentzako marrazki lehiaketa antolatu dugu, hurrengo urteko jaietako egitarauko azala aukeratzeko».
Berritasun horiez guztiez gain, beste bat nabarmendu du Diezek: «Manuela ile apaindegiaren eskutik, haur eta gaztetxoek ilean hainbat koloretako metxak egiteko aukera izango dute igande goizean».
Diezek altzatar zein donostiar guztiak animatu ditu Jolastokietako jaietara gerturatzera, ondo pasatzea ziurtatuta dagoelako
Jolastokietan, jai gehienetan egiten duten moduan, haur, gazte zein helduentzako jarduerak antolatzen dituzte, jaiak auzotar guztientzat izan daitezen: «Haurrentzako, adibidez, Haurren Eguna antolatzen dugu, gure zinta lasterketa tradizionalarekin, puzgarriekin, apar festarekin eta beste jarduera askorekin. Gustu guztientzako eskaintza izaten dugu», nabarmendu du Diezek.
Horrela, berritasunak berritasun, «urteroko ildoari» jarraitu diote aurtengo egitaraua osatzeko, Diezen hitzetan. Hain zuzen ere, jarduera arrakastatsuenak mantendu dituztela azaldu du auzotarrak: «Txokolate jan handiak oso ondo funtzionatzen du, eta gaztetxoei parranda gustatzen zaienez, erraldoi eta buruhandietan ere askok hartzen dute parte. Bestalde, nabarmendu behar da aurten haurren danborrada ordez, familiena antolatu dugula, gurasoen parte hartzea sustatzeko».
Denontzako jaiak
Diezek altzatar zein donostiar guztiak animatu ditu Jolastokietako jaietara gerturatzera, ondo pasatzea ziurtatuta dagoela nabarmendu baitu. Hala ere, mezu argi bat helarazi dio joatekoa den orori: «Sozializatzeko modu bat da, eta espero dut auzo guztiak hartzea parte jaietan, ondo pasatu dezagun. Eta, beti bezala, elkar errespetatzea nahi dugu, jaiak denontzako berdinak izatea, denon artean jai ahalik eta hobeak egiteko».