Lehertu da jaia Intxaurrondo Zaharrean
Joan den larunbatean Erramu egunarekin motorrak berotu ostean, atzo eman zieten hasiera Intxaurrondo Zaharreko jaiei. 17:00etatik 20:00etara, Erdikoa taberna parean alkatetzarako hauteskundeak egin zituzten, eta 20:00etan, Gari alkate izendatu ostean, pregoia eta txupinazoaren txanda izan ziren. Bertan izan zen Elena Arzak ere, jaiei ongietorria ematen. Auzoko abesbatza arduratu zen jaien hasiera girotzeaz, auzoa kantuan jarriz.
20:30ean, sardina jana egin zuten tripa betetzeko, eta ondoren, linbo txapelketarekin eta mojitoekin jarraitu zuten gaua. Gaur, berriz, mozorro eguna dute, eta besteak beste, Zirika Zirkus haur ikuskizuna, auzokide berriei ongietorria, txarangapoteoa eta herri afaria egingo dituzte. Gauean, karpan, The Badmintones eta La Fulana DJ-a arituko dira auzoa musikaz janzten.
Hemen ikus dezakezue egitaraua osorik.