Supermerkatua modan, 1958ko udan
Euskal Herriko lehen supermerkatua Donostian zabaldu zuten, Gran Kursaal eraikineko beheko solairuan. Estatuko bigarrena zen, lehenengoa Bartzelonan baitzegoen.
Supermerkatu jakin batera ligatzera joatea jarri da modan uda honetan. Ordutegi jakin batean, 19:00etatik 20:00etara, hain zuzen, eta seinale argi batekin: ligatu nahi izanez gero, anana bat organ buruz behera jartzea eta gustatzen zaizun pertsonaren orgak zurearekin talka egitea.
Bada, nola diren gauzak. Ligatzeko ala ez, Donostian, 1958ko udako jarduerarik erakargarrienetako bat supermerkatura joatea izan zen, baita ere. Gran Kursaal eraikinaren beheko solairuan zabaldu zuten supermerkatua, hiriko lehenengoa, zehazki. Estatuko bigarrena zen, gainera, ordura arteko bakarra Bartzelonan baitzegoen.
Donostiako lehen supermerkatuak jenderen arreta deitu zuen, lehenago, film estatubatuarretan soilik ikusten baitziren horrelakoak. Berritasuna zela eta, inaugurazioan Alonso Vega, Ullastres eta Canovas izan ziren, hurrenez hurren Gobernazio, Merkataritza eta Nekazaritza ministroak.
Eta garai batean supermerkatuak atentzioa ematen zuen gisan, gaur egun, bertan zituzten prezioek sortzen dute harridura. El Diario Vasco egunkariak jasotzen duenez, «babarrunak hamabi pezetan kiloa (zazpi zentimo), oliba olioa 22,80tan litroa (hamalau zentimo), azukrea, 6,50 kiloa (lau zentimo)…».
Gordeta dago, baita ere, nor izan zen Euskal Herriko lehen supermerkatuan erosketa egin zuen lehen pertsona. Maria del Carmen R. de Usandizaga izan zen bera. Emakume horren atzetik, asko izango ziren lehen supermerkatu hartan zerbait erosteko aukera izan zuten pertsonak.
Hala ere, 1959ko apirilean supermerkatua lekualdatzea erabaki zuten, eta Kolon pasealekuko lokal handiago batera mugitu zuten, epe baterako, «estatuko supermerkaturik handiena» bihurtuz.