Unax Seges: «Euskal Herrian badaude gaurko elikadura eredua aldatzeko alternatibak»
Donostiako Basajaun elkarteak astero prestatzen ditu platerak bere bazkideentzat, gaur egungo kontsumo eta elikadura ohiturak aldatzeko asmoz, Seges kideak dioenez.
Donostiako Herrera auzoan dagoen Aterpea zahar etxeko sukaldeko suak berpiztu ditu Basajaun elkarteak. Astero prestatzen eta ontziratzen dituzte platerak euren bazkideentzat, gaur egungo kontsumo eta elikadura ohiturak eraldatzeko helburuz. Tokian tokiko eta garaian garaiko elikagaiak prestatzen dituzte Basajaun elkartean, eta sukalde komunitario bat da. Gainera, beste herri zein auzoetako sukalde komunitarioak sortzen laguntzen du, prestakuntza eta antolakuntza tresnak eskainiz. Egitasmo horren sortzaileetako bat Unax Seges da (Donostia, 1978), eta gaur egun Errenterian eta Donostiako Gros eta Herrera auzoetan dituzte banaketa puntuak.
Zer da Basajaun elkartea?
Sukalde komunitario bat baino gehiago, sukalde komunitarioen konfederazio gisa pentsatutako egitasmo bat da. Irabazi asmorik gabeko proiektu bat da, eta beste auzoetako konfederazioei lagundu nahi diegu sukalde komunitario propioak sortzen. Tokian tokiko eta garaian garaiko produktuekin eginiko menuak eskaintzen ditugu astero. Herrerako Aterpea zahar etxean dugu egoitza nagusia, eta Errenterian eta Groseko Marruma tabernan beste bi banaketa puntu. Erabiltzen ez diren sukaldeak aprobetxatzea du xede Basajaun elkarteak. Auzo guztiek eta herri guztiek dituzte erabiltzen ez diren sukaldeak: zahar etxeetakoak, elkarteetakoak… Azken finean, auzoko komertzio txikiekin, artisauekin edota nekazariekin komunitatea sortzea da gure helburua
Nola egiten duzue lan?
Bazkidetzaren bidez. Guk bazkideei menua bidaltzen diegu astelehenean, eta haiek eskaera betetzen dute asteazkenean edo ostegunean. Guk ostiralean elikagaiak erosi, eta astelehenean edo asteazkenean prestatzen ditugu platerak. Garaian garaiko produktuak izaten dira beti: barazkiak, haragia, arraina… Baina iraunkorrak diren platerak ere eskaintzen ditugu; adibidez, pasta freskoa, arroz integrala, purea edo entsalada.
Nola egin zaitezke bazkide?
Basajaunelkartea.eus/eu webgunean sartu, eta bertan dagoen eskaera inprimakia bete behar da. Alergien eta datu pertsonalen inguruko galderak erantzun behar dira, eta aktibo dauden hiru zentroetako bat aukeratu —Herrera, Gros eta Errenteria—. Menu mota bat ere aukeratu behar da. Eskaera egin ondoren, mezu bat iritsiko zaio bazkideari sakelakora, eta hilean behin kuota finko bat ordaindu beharko du. Komunitate bat sortzea da, azken finean, eta ez soilik tuperrak hartzea. Parte hartzailea izan behar du.
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitza-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.