Ikuskizuna eta giro bikaina, Intxaurrondo Zaharreko jaietako trontza txapelketan
Historikoa izan zen Intxaurrondo Zaharreko jaietan larunbat arratsaldean egindakoa. Herri kirolak izan ohi dira jai horietako jarduera arrakastatsuena, baina aurtengoak bereziak izan dira, ikusmin handia baitzegoen emakumeen trontza txapelketarekin, eta parte hartzaileek ez zuten hutsik egin. Horrez gain, azken urteotan 500 kiloko harriarekin Lizardi aldapan gora giza proba egin ostean, haurren giza proba egin zuten atzokoan, 106 kiloko harriarekin, Intxaurrondo kalean.
Giza proban hiru haur taldek hartu zuten parte, baita hirurek erakustaldia eskaini ere. Bost minutuan ahalik eta plaza gehien egitea zen helburua eta denek hogeitik gora egin zituzten; irabazlea bigarren taldea izan zen, 29 plaza pasatxorekin. Etorkizuna ziurtatuta dago Intxaurrondo Zaharreko jaietako herri kiroletan.
Bestalde, trontza txapelketa, hemeretzi emakume bikotek hartu zuten parte; dena eman zuten eta ikusgarria izan zen txapelketa. Lehenengo fasean, bi egur zati moztea zen helburua, eta zortzi bikote azkarrenak finalerdietarako sailkatu ziren. Bost txandatan egin zuten lehenengo fase hori eta hauek izan ziren txanda bakoitzeko irabazleak: lehenengoan, Garazi eta Maddi, bi zatiak 2,33 minutuan moztuta; bigarrenean, Larraitz eta Amaiur (2,06); hirugarrenean, Ixi eta Kandela (1,49); laugarrenean, Aiora eta Haizea (1,40) eta bosgarrenean Ane eta Sandra (2,24).
Finalerdietan, hiru zati ziren ahalik eta denbora gutxienean moztu beharrekoak, eta nekea agerikoa bazen ere, ikuskizun bikaina eskaini zuten sailkatutako zortzi bikoteek, kanpoan gelditutakoen zein bertaratutako ikusle andanaren babesarekin. Finalerako txartela Ixi-Kandela, Larraitz-Amaiur, Aiora-Haizea eta Nahiki-Urkixu bikoteek eskuratu zuten.
Azkenean, Ixi eta Kandela izan ziren garaile, erakustaldia emanda: aurreko bi faseetako nekea gaindituz, hiru enbor zati moztu zituzten 2,54 minutuan. Larraitzek eta Amaiurrek 3,02ko denbora egin zuten, Aiorak eta Haizeak 3,54koa eta Nahikik eta Urkixuk 5,40koa. Amaieran, haurrek zein trontzako hemeretzi bikoteek oroigarriak jaso zituzten, eta Ixi-Kandela bikoteak txapela eta bost litroko ardo botila bana. Horrela, denek elkarrekin egindakoa ospatzen borobildu zuten arratsaldea, intxaurrondotarrek aurtengo jaietarako propio egin duten abesti arrakastatsuarekin.
Jarraian, herri kirolen arratsaldeko irudi bilduma: