Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Amaran sexu erasoa egin zuen gizonari
Behin-behinean espetxeratu dute joan den ostegunean Easo plazako parkingean emakume bati sexu erasoa egiteagatik atxilotu zuten gizona. Epaiketaren zain dago ustezko erasotzailea, eta udaltzainek sexu eraso delitu bat egotzi diote.
Emakumeak salatu zuenez, erasotzaileak Amarako parking horretan jazarri zuen, eta sexu erasoa gauzatu ostean, ihes egin zuen gizonak. Udalaren arabera, inguruan zebilen Udaltzaingoaren patruila bati laguntza eskatu zion emakumezkoak, eta udaltzainek erietxera eraman zuten. Biktimak emandako datuekin, Udaltzaingoak gizonezkoa identifikatu eta atxilotu zuen, bere etxean zegoela. Biktimak salaketa jarri zuen, eta atxilotua Udaltzaingoaren egoitzan egon da, espetxeratu duten arte.
Gertaturikoa salatzeko, udal ordezkariek elkarretaratzea egin zuten ostiral eguerdian Alderdi Ederren, eta arratsaldean, berriz, Amaran egin zuten elkarretaratzea, Amarako Zapi Moreak kolektibo feministak antolatuta.