Salatu dute udalak 2019tik daramala espazio publikoaren erabilera erregulatzeko tasa bat kobratu gabe
Parte Zaharrean Bizi elkarteak dioenez, udalak 227.000 euro utzi ditu kobratu gabe bost urteotan.
Donostiako Udalak 2019ko apirilean onartu zuen jabari eta erabilera publikoko espazioen okupazioak arautzeko udal ordenantza. Araudi horren helburua da espazio publikoaren erabilera pribatiboa erregulatzea eta, horrela, kalean, fatxadetan edo bestelako elementu publikoetan arbelak, kartelak, erakustokiak eta bestelako elementuak jartzen dituzten establezimenduak kontrolatzea. Ordea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu duenez, udalak ez du espazio publikoa erabiltzen duten establezimenduen inguruko kontrolik egin 2019tik hona, espazio publikoa modu pribatiboan erabiltzeari dagokion tasa ordaindu ere.
“Elkarteak elementu horiek kalera ateratzeko baimena duten merkataritza establezimenduen zerrenda eskatu zion udalari. Jakin nahi genuen zer atera dezaketen kalera, nork atera dezakeen eta zenbat ordaintzen duten horregatik. Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak udalari informazioa bidaltzeko epea eman ondoren, elkarteak informazio hori eskuratu ahal izan du”, azaldu du Parte Zaharrean Bizik.
Auzo elkarteak udalak emandako erantzunaren berri eman du, eta bertan, udalak aitortu du ez duela tasa hori kobratu: “Bai baimen prozedurak, bai horrelako elementuen tasaren jarraipena eta kobrantza egiteko, Espazio Publikoaren Okupazio Zerbitzuak ez duen kudeaketa sistema eta baliabide pertsonal nahikoak behar dira, eta hori da dagokion tasa ez igortzeko arrazoia”, dio udalak Parte Zaharrean Biziri bidalitako erantzunean.
Halaber, udalak Parte Zaharrean Biziri bidalitako erantzunean, espazio publikoaren erabilera pribatiboa egiten duten hiri osoko 160 establezimendutik gora agertzen dira. Horrela, auzo elkartearen kalkuluen arabera, bost urteotan tasa kobratu izan balu, 227.000 euro kobratuko zituen guztira. Hedabide hau Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Sailarekin harremanetan jarri da gaiaren inguruan galdetzeko —ordenantza sail horrena da—, baina ez du erantzunik jaso.
Horrez gain, auzo elkarteak deritzo udalak erregistratuta dituenak baino establezimendu gehiago daudela hirian espazio publikoaren erabilera pribatiboa egiten dutenak. “Nolatan ez dago kudeaketa sistema edo baliabide pertsonal nahikorik baimenak emateko, horien jarraipena egiteko eta tasa kobratzeko?”, galdegin du Parte Zaharrean Bizik. Era berean, “azalpenak emateko” eskatu dio udal gobernuari, baita “zentzugabekeria hori konpontzeko konponbideak emateko” ere.