Aritz Truebaren irudiak, Aieteko Ilustratzaileen Txokoan ikusgai
Aritz Trueba artistaren (Donostia, 1980) lanak jarri dituzte ikusgai Aiete Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan. Aritz Trueba Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon, pinturan, marrazketan eta animazioan espezializatuz. Hastapenean orriz orri eta eskuz animatzetik, soilik digitalean lan egitera igaro da. Bere ibilbidea telebistarako marrazki bizidunak eginez hasi zuen, eta ondoren ilustrazioaren alorrera hurbilduz joan zen, koloreztatzeko liburuxkak eginez. Enpresa bioteknologikoetan euren zerbitzu eta produktuen animazioak garatzen ere aritu zen, artea eta zientzia uztartuz.
Denborarekin hezkuntzaren esparrura gerturatu zen, eta 2008az geroztik, Ikastolen Elkartearentzat hezkuntza materiala sortzen aritzen da. Hala ere, bere izaera sortzaile eta ekintzaileak proiektu eta lehiaketa artistiko ezberdinetan parte hartzera eraman du. Bere obraren barruan, besteak beste, idazle ezberdinekin batera argitaratutako hiru lan handi azpimarratu daitezke:
2018an, Koldo Almandozen eskariari erantzunez, Oreina: marea gora, marea behera (Txintxua Films) bitakora koadernoa sortu zuen, Oreina filma osatzeko. Urtebete beranduago, 2019ko azaroan, Buyan: heriotzaren uhartea (Turco Comics) argitaratu zen, Etxeberria anaiekin eta Josu Igoarekin batera garatutako komikia. Estatu Batuetan eta Frantzian ere argitaratua izan da, Insight Comics argitaletxearen eskutik; eta 2022an gazteleraz argitaratu zen, Aleta Ediciones argitaletxearen laguntzaz.
Azkenik, 2022an, Koldo Almandozekin batera Natasha (Farmazia Beltza argitaletxea) albuma gauzatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso ostean. Hala sortu zen errealitate dramatiko batean inspiratutako, baina modu poetiko, dibertigarri eta argitsuan kontatutako istorioa. Hau gazteleraz argitaratu zen, Nuevo Nueve Editores argitaletxearen eskutik.
Liburuez gain, bestelako lanak ere egin izan ditu. 2021ean, Ikastolen Elkarteak 2005az geroztik argitaratzen duen Xabiroi komiki aldizkariaren 60. zenbakiaren azala egin zuen.
Bere ibilbidean zehar hainbat aipamen eskuratu ditu. Besteak beste, 2020an Buyan obrarengatik hautagai izendatua izan zen Prix de la Ville de Serignan sarian, Okzitaniako Serignan herriak 1996az geroztik komikiak saritzeko antolatzen duen lehiaketan. 2022an eta 2023an, hurrenez hurren, Natasha komikiarekin aldiz, Zona Comic Sariaren baitan Tebeo Nazionalik Onenaren kategorian eta Euskadi Literatura Sarietan, literatura lanaren ilustrazio sailean, hautagai izendatua izan zen.