Haur parkeak zaharberrituko dituzte Aieten, Antiguan eta Igeldon
Datozen asteetan haur parkeak berrituko dituzte Aiete pasealekuan, Gurutzealdean, Igeldo plazan eta Erregezaintza kalean. Udal gobernuak iragan maiatzean adostu zuen kontratazio espedientea eta gaur jakinarazi duenez, hiru enpresari adjudikatu dizkio lan horiek: Aiete pasealekuko eta Erregezaintza kaleko parkearen lanak Electro Talleres Zarauz SA enpresak egingo ditu; Gurutzealdeko parkea Sumalim SL enpresak zaharberrituko du; eta Igeldoko Plazako parkearen konpontze eta ordezkatze lanak Montajes Garra enpresak bideratuko ditu.
Hala, udalak 246.450 euro bideratuko ditu lau parkeetako haurren jolas guztiak aldatu, eta gomazko zoladura zein segurtasun hesi berriak jartzera. Zenbatekoak aletuta, honako aurrekontua egokitu diote parke bakoitzari: Aiete pasealekuko parkeak 55.551 euro, Gurutzealdekoak 47.053 euro, Igeldokoak 34.230 euro eta Erregezaintza kalekoak 59. 190 euro.
Epeei dagokionez, bestalde, udalak hilabete du lanak hasteko eta hiru hilabeteko denbora tartean lanak egitea aurreikusten dute. Beraz, ondo bidean, Aiete, Antigua eta Igeldoko haurrek 2025 urte hasieran estreinatuko lituzkete zaharberritutako parkeak.