Kalapiek bizikleta eta oinarrizko mekanika ikastaroak eskainiko ditu udazkenean
Bizikleta gainean konfiantza berreskuratzeko aukera emateaz gain, zulatu bat konpontzeko edo katea ordezkatzeko oinarrizko ezagutzak eskaintzen ditu Kalapiek.
Ikasturte berria hasi berritan, bueltan da Kalapie elkartea, urtean zehar eskaini ohi duen formakuntzarekin. Udazkenean, aurreko urteetan egin duten moduan, bizikletaren oinarrizko mekanika eskolak eskaintzeaz gain, bizikletan ibiltzen ere irakatsiko du.
Donostiako txirrindulari elkarteak jakitera eman duenez, bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak helduentzat dira, bai inoiz ikasteko aukerarik izan ez dutenentzat, bai aspaldi bizikleta erabiltzeari utzi ziotenentzat. Kalapiek bizikleta aurrenekoz edo berriz maneiatzeko erraztasuna eta segurtasuna ematea du xede eta, horretarako, eremu mugatu bat eskaintzen du Kalkutako Teresa plazan, epaitegien aurrean. Ikasleak esperientziaren arabera sailkatzen dituzte mailatan, eta ordu eta erdiko lau saio eskaintzen dituzte.
Oinarrizko mekanikako ikastaroak, berriz, hiru eguneko iraupena du eta aste berean egiten da —eguneko bi orduko eskaintzarekin—. Epe horretan, ikasleak bizikletaren funtzionamendua ezagutzeaz gain, zulatu bat konpontzen ikasi, puskatutako katea nola ordezkatu ikasi, eta balazten zein aldagailuaren kablea nola aldatzen eta tentatzen den ikasiko du, besteak beste.
Ikastaroak urrian hasiko dira, eta inskripzioa egiterako orduan, derrigorrezkoa izango da euren webgunean adierazitako kontuetan dagokion ordainketa egitea.