Kaleratzeak Stop taldeak tentsio handiko eremuaren izapideak azkartzeko eskatu dio udalari
Taldeak presazko bidea eskatu dio udalari, Groseko bost familiek euren alokairu kontratuarekin jarraitzeko aukera izan dezaten.
Kaleratzeak Stop taldearen arabera, Irun eta Lasarteko udalek ez bezala, Donostiakoak ez dio Kaleratzeak Stop elkarteari jakinarazi ea presazko bidea hartuko duen ala ez Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko: “Oraindik ez dio erantzun hilaren 2ko idazkiari, presazko bidetik bidaltzeko data eskatuz”, salatu du plataformak, eta Donostiako Udalari gai horri lehenbailehen heltzeko eskatu dio.
Ohar baten bitartez gogorarazi duenez, Donostiako ekaineko eta uztaileko osoko bilkuretan “diagnostikoa eta etxebizitza plana premiazko bidetik prestatu eta Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko ebazpenak” onartu ziren. Azaldu du, halaber, uztailaren 22an hirigintzako zinegotziak eta Etxegintzako gerenteak Kaleratzeak Stop elkarteari jakinarazi ziola ekarpenak egiteko epea abuztuaren 15ean amaitzen zela. Horiek horrela, etxebizitza eskubidearen alde borrokatzen duen taldeak “harridura” agertu du udalak ez dielako bidalketa dataren berri eman.
Presazko bideari izapidetzeko eskaerak pisuzko arrazoia du, izan ere, datorren urriaren 31n amaituko dira Azora putre funtsaren maizterren alokairu kontratuak. Azorak jakinarazi du ez dituela kontratuok berrituko, eta, neurririk ezean, bost familiak etxetik alde egin beharko dute. Izendapenarekin, baina, familia horiek hiru urtez luzatu ahal izango lituzkete egungo kontratuak.