Motoentzako aparkalekuak sortuko dituzte Anoeta inguruan
Errondo pasealekuko urbanizazio berriarekin, partida egunetan motoentzako espazioak sortuko dituzte.
Udal Gobernuak Errondoko pasealekuaren zati bat urbanizatzeko kontratu espedienteari argi berdea eman dio, eta beraz, autoentzako eta motoentzako aparkaleku gehiago sortuko ditu Anoeta inguruan. Zehazki, ibilgailuentzako errei bat kenduko du Carlos I.etik Amara Berri (Ferrerias) ikastetxerainoko tartean, Morlansko noranzkoan. Aldaketa horrekin espazio bat sortuko dute ezkerreko aldean, errepide erdibitzailearen aldamenean.
Eneko Goia alkateak iragan uztailean azaldu zuenez, aparkaleku berriak 45 autoentzako edo 220 motorrentzako espazioa izango du, eta partida egunetan, TAO sistema edo aparkaleku arautu berezi bat ezarriko dute, eremu hori motorren aparkaleku bihurtu dadin. Era berean, Carlos I.aren azpian eta Ferrerias kalean egoiliarrentzako eremu berriak sortuko dituzte. Hala, orotara, 137 toki egongo dira araututa eta 309 bizilagunentzat izango dira, soilik.
Udalak jakinarazi duenez, urbanizazio proiektu berriaren bitartez, oinezkoei lehentasuna ematea eta ibilgailuen abiadura murriztea dute xede. Horretarako, zebrabide berri bat sortuko dute Karlos I.aren azpian eta zebrabide guztietan konkorrak egingo dituzte. Era berean, egungo errepide erdibitzailearen ordez, oinezkoentzako espaloi bat ezarriko dute. Lanak hamar asteko epean egingo dituzte eta 160.705 euroko aurrekontua izango dute.
Motoen aparkalekua
Proiektu berriarekin, udalak irtenbide bat topatu du futbolzaleen aparkaleku eskaerei aurre egiteko. Realzaleek urteak daramatzate motorrak aparkatzeko lekuak eskatzen, aurretik egon diren arren, egun estadioaren inguruetatik kanpo utzi behar dituztelako. 2019ko zaharberritze lanak egin zituztenean, Trinketearen parean zegoen espazioan aparkatzea debekatu zitzaien motozaleei, segurtasun arrazoiak medio. Motozaleen protestak ugaritu ziren orduan, eta Udalak Illunben aparkatzeko proposamenari uko egin zioten.