1,2 milioi euro bideratuko dituzte desabantaila egoeran dauden taldeen enplegua sustatzeko
Donostiako Udalak, Sustapenaren bidez, 1.210.544 euro bideratuko hiriko langabetuak aldi baterako edo mugarik gabe kontratatzeko. Guztira, 650.000 eurotik gora inbertituko dira langabetuak askotariko udal proiektuetan aldi baterako kontratatzeko. Halaber, Donostiako 76 langabeturen kontratazio mugagabea sustatuko da, 11.000 euroraino hel daitezkeen laguntzekin.
“Udalak, beste erakunde batzuekin batera, konpromisoa du langabezian dauden eta merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten donostiarren lan egoera hobetzeko. Lana bilatzen lagundu behar diegu, funtsezkoa baita garapen pertsonalerako eta gizarte kohesiorako. Zehazki, programa hau emakumeentzat, gazteentzat eta 55 urtetik gorakoentzat da, lan merkatuan erronka gehiago dituztelako”, adierazi du Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oiarbidek.
Helburua da 133 kontratu sinatzea, iaz baino lau gehiago. Kontratu horietatik 57 udal proiektuetan aldi baterako kontratazioak egiteko izango dira, eta beste 76, berriz, enpresei langabetuak modu mugagabean kontratatzeko laguntzak emateko.
Informazio guztia dagoeneko eskuragarri dago Lanbideren webgunean eta Sustapenaren atarian.