124 urteren ostean, agur esango du Almacenes Arenzana dendak
Irailaren 30ean itxiko dituzte ateak behin betiko.
Almacenes Arenzana dendak mende bat baino gehiago darama Getaria kalean. Francisco Arenzana errioxarrak familia negozia abiatu zuen 1900 urtean eta lau belaunaldik bertan egin dute lan geroztik. Francisco fruitu lehorren salerosketarekin hasi zen bere emazte Paularekin batera. Hasieran, Getaria kaleko 12. zenbakian kokatu ziren eta hamabost urte geroago lekualdatu ziren 14. zenbakira, egungo kokapenera.
Francisco eta Paulak bost seme-alaba izan zituzten: Francisco, Teresa, Carmen, Pilar eta Julia. Azken horiek, negozioan hasi ziren lanean, eta urteen buruan, haien kargua hartu zuten. Urteekin saltzaileak aldatu diren moduan aldatu da negozioa ere, eta azken urteotan, Elsa Gonzalez eta Maria Arenzana lehengusuen negozioak kortxoa, kordeleria eta mota guztietako ehun naturalak saldu ditu.
Erdialdean urte mordoa daramatzaten arren, dendaren kanpoaldeko zein barrualdeko itxurak oinezkoen atentzioa eta begiradak bereganatzen ditu oraindik. Bertokoak zein kanpotarrak adi-adi gelditzen dira erakusleiho handiari begira, egun halako saltokiak arrotz baitira arropa marka handien dendak nagusitzen diren eremu horretan. Hain zuzen, kaleko miresmena sareetara hedatu da, dendaren itxieraren berri eman dutenetik.