«'Artea' antzezlana berrartzea ospakizun baten gisakoa da guretzat»
'Artea' antzezlana ikusgai egongo da Antzoki Zaharrean, bihartik igandera arte. Yasmina Rezaren obra klasikoa duela hamazazpi urte antzeztu zuten Ramon Agirrek, Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak, eta orain, proiektua berrartu dute.
Koadro moderno bategatik sortzen da eztabaida ‘Artea’ antzezlanean. Zein da zure pertsonaia eta nolakoa da?
Hiru lagun dira. Sergiok, nik gorpuzten dudanak, koadro bat erosi du, zuria, handia eta oso garestia. Bere lagun Marcos, Asier Hormazak gorpuzten duena, aztoratu egin da, ez duelako ulertzen Sergiok egin duen erosketa, eta esan egin dio. Aspaldiko lagun zaharrak dira, baina haserretu egin dira. Gero, hirugarren laguna dago, Ibon, Joseba Apaolazak egiten duena, eta hori beti gauzak konpontzen eta baretzen saiatzen da. Tartean sartzen da, eta batzuetan gertatzen da, bakea egitera sartzen dena egurtuta ateratzen dela. Orduan, kontatzen da koadro bat erosteak —printzipioz garrantzirik ez duen zerbaitek—, nola sortu duen lagunen arteko haustura bat.
Sergiok ba al du antzekotasunik benetako Ramon Agirrerekin?
Ez, desberdintasun gehiago ikusten dizkiot antzekotasunak baino. Sergiok aberaskumeen artean ibili nahi du, eta konplexu hori duenez, aberatsen mailan jarri nahi du. Nire ustez, ez dut beraren antzik. Gero, nahiko neurotikoa da, eta hor ere ez diot nire antzik hartzen. Hori hobe da, pixka bat nondik heldu edukitzeko zugandik aparte dagoen pertsonaia bati.
Lan handia izan da zugandik oso urrun dagoen pertsonaia bat gorpuztea?
Ez, gero beti baitago zuretik asko ere bai: zure gorputza da, zure ahotsa, zure mugitzeko modua… bilatu behar duzu pixka bat pertsonaia horrek dituen gauza adierazgarrietatik zer daukazun komunean. Beti daukagu zerbait, oso konplexuak gara denok eta Sergio ere ez da muturreko pertsonaia bat. Sergiotik zer daukadan bilatu behar dut, eta hori potentziatu.
Nolako hirukotea osatzen duzue Joseba Apaolazak, Asier Hormazak eta zuk?
Lagun zaharrak gara, eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Gauza dezente egin ditugu elkarrekin, eta ondo ezagutzen dugu elkar. Bakoitzak bestearen maniak edo gauzatxoak ezagutzen ditu, eta ondo konpontzen gara. Nire ustez, biak oso aktore bikainak dira, eta gustua ematen du horrelako jendearekin lan egiteak. Gainera, duela hamazazpi urte obra berbera egin genuen elkarrekin, eta oraingoa remake bat izan da. Beraz, oso gustura hartu dugu, eta ospakizun baten gisakoa da guretzat. Gaur egun, bizitzan eskarmentu handiagoa dugu, aktore gisa ere bai, eta, beraz, polita izan da.
Nola sortu da antzezlana berrartzeko ideia hori?
Txalo konpainiaren ideia izan zen. Hasiera hartan beraiekin egin genuen, eta berriz egitea proposatu ziguten. Guk ez dugu zalantzarik izan, eta denok baietz esan genuen.
Zenbat denbora daramazue entseatzen?
Batzuek hainbat konpromiso genituen, eta garaiz hasi ginen entseatzen. Oro har, duela bi hilabete eta erdi hasi ginen, gutxi gorabehera. Baina puskaka egin dugu, ez dugu jarraian egin, tartean beste lan batzuk zeudelako. Baina bueno, gutxi gorabehera, normalean egiten den egun kopurua izan da. Estreinaldira ondo iritsi gara. Testua Julia Marinek itzuli zuen euskarara garai hartan, eta bere itzulpena hartu dugu oinarri, nahiz eta gauzatxo batzuk egokitu dizkiogun. Izatez, frantsesez da testua, Yasmina Reza egilea frantsesa delako. Artea mundu mailan klasiko bat da dagoeneko, eta oraindik seguru herrialde askotan antzezten dutela.
Antzezlanean sortzen den liskar horrek zenbat dauka egiatik benetako bizitzan?
Oso ondo irudikatzen du obra honek hori. Lagunen hirukote hori oso normala da; bi haserretzen dira, eta beste bat tartean sartzen da. Beraz, hirukote hori nola sortzen den eta nola hausten den oso ondo adierazten da. Egileak hiru profil oso desberdin asmatu ditu, baina oso erraz identifikatuko du jendeak, seguru denei tokatu zaielako bataren edo bestearen —edo hiruen— lekuan egotea. Aitzakia, kasu honetan, koadro bat da, baina izan zitekeen edozein ekintza hutsal, edo beste edozein gauza garesti eros zezakeen: Lamborghini bat, yate bat edo beste edozer. Izan daiteke edozer gauza, norbaitek egiten duena eta besteek espero ez zutena. Lagun batek espero ez duzun portaera bat badu, ez da erraza izaten onartzea. Hori oso ohikoa da, bai orain eta baita lehen ere, beraz, obrak ez du gaurkotasunik galtzen. Unibertsala da, eta atenporala ere bai.
Hala ere, detaile batzuk egokitu dituzuela aipatu duzu lehen. Zeintzuk izan dira?
Duela 17 urte egin genuen obra hartan, esate baterako, mugikorra hasi berria zen, eta orain joko gehiago dauka, mugikorrarekin funtzionatzen dugulako. Horrelako ukitu txikiak aldatu ditugu, baina ez du gauza handirik behar obra horrek, adiskidetasunaren mekanismoak nola funtzionatzen duen oso ondo azaltzen duelako.
Villabonan estreinatu zenuten lehengo astean, eta ostegunean iritsiko zarete Donostiako Antzoki Zaharrera.
Bai, joan den ostiralean Villabonan estreinatu genuen, asteartean Ordizian egon ginen, eta asteazkenean, Lazkaon. Donostia plaza garrantzitsua da, niretzako bereziki. Antzoki Zaharra oso leku maitatua da niretzat. Oso berezia da; gogoratzen dut, txikitan, hemen bazegoela antzerki talde bat, euskaraz egiten zutena eta Maria Dolores Agirrek zuzentzen zuena —ez zen nire familiakoa, beste batekoa baizik—. Nik, artean, ez nuen hitzik egiten, baina agertokira atera ninduten, eta oroitzen dut hor barruan egon izana, jendearen aurrean. Gainera, urteetan askotan egon naiz hemen, eta niretzat tokirik maitatuena da. Bestalde, lagunak eta familia gertu izango ditut, eta hori ere aberasgarria da. Lehengoan, Joseba Apaolazarekin hizketan, komentatu genuen zein ondo atera zen emanaldia, baina bagenekien Donostian berriro ere tximeletak sentituko genituela. Asierri, seguruenik, Arriagan gertatuko zaio gauza bera, edo Getxoko antzokian.
Hala ere, urduritasun puntu hori neurri batean ona da, ezta?
Ona da, beharrezkoa. Lasaiegi bazaude, ez da ondo ateratzen. Hori, normalean, bigarren emanaldian gertatzen da. Bigarrengoan pentsatzen dugu lehenengoa oso ondo atera dela, sekulako obra puska dugula, eta erlaxatzen bagara, ez da behar bezala ateratzen. Adi egon behar dugu hori ez gertatzeko, eta beti behar da urduritasun edo tentsio puntu bat.
Nola ikusten duzu euskarazko antzerkigintzaren egoera?
Ekoizpen eta sormen aldetik, beharbada inoiz baino hobeto ikusten dut. Inoiz baino talde eta obra gehiago daude, oso pluralak, interesgarriak eta kalitate handikoak direnak. Hala ere, hori ez da islatzen programazioan. Euskarazko antzerkiak oraindik ez du irabazi —edo merezi, nonbait— zentralitatea Euskal Herriko antzokietan. Euskarazko antzerkiak oraindik ez du lortu urtean zehar erdigunean egotea, eta badago nahikoa proposamen nagusitasuna lortu ahal izateko antzokietan. Beraz, alde horretatik, uste dut ez gaudela beharko genukeen lekuan.
Laster iritsiko da Zinemaldia Donostiara. Zalea al zara?
Bai, joaten naiz pelikulak ikustera. Ahal badut, hemen egoten naizenetan behintzat, joaten naiz. Egunean bat edo pare bat ikusten ditut, ez dut betekadarik harrapatzen. Goizean goizeko saiora joatea gustatzen zait, Antzoki Zaharrera. Niretzako oso egun politak izaten dira, asko gozatzen dut, hemen egonez gero. Aurten, nik azken boladan egindako bi film pasako dituzte, Made in Spain sailean: Nina eta Norberta.
Aurtengo Zinemira Saria Elena Iruretarentzat izango da, baina zuk ere irabazi zenuen 2018an.
Bai, lehengoan esan nion Elenari bazela garaia berak ere eskuratzekoa. Zorionak eman nizkion, eta ongietorria eman nion gure klubera, txantxetan. Oso merezita du saria.
‘Artea’z gain, zein beste proiektu dituzu esku artean?
Antzerki obra bat daukat Tanttaka konpainiarekin laster, honen ondoren. Telesail bat ere bai, Euskal Herrian. Izan ere, aspaldiko partez, telesail bat egingo da ETBrako, eta badaukat papertxo bat. Eta datorren urte hasierarako, film bat ere bai. Beraz, badago zerbait, bai.
Zergatik ikusi behar du jendeak ‘Artea’?
Oso ondo idatzita eta lotuta dago, horregatik da klasiko bat. Adiskidetasunaz hitz egiten du, izan ere, amodiozko istorioak askotan ikusten dira, baina adiskidetasunaren ingurukoak ez hainbeste. Oso polita da ikustea horren barruan mekanismoek nola funtzionatzen duten. Gainera, umorea du; konfliktoa ere bai, batzuetan gauza gordinak esaten dizkiegulako lagun onei, baina dena umorez. Oso ironikoak dira pertsonaiak, eta jendeak oso ondo pasatuko du. Hala ere, ez da gauza hutsal bat, jendeak bere burua identifikatuta ikusiko duelako pertsonaiekin, eta gero, etxean, zer pentsatua izango dute ikusleek.
Donostian egon ondoren, biran jarraituko duzue?
Bai, deitzen ari zaizkigu, eta pentsatzen dut hemendik aurrera emanaldi gehiago aterako zaizkigula. Lehen aldiz aurkeztu genuenean oso harrera ona izan zuen, eta gaurkotasunik galdu ez duenez, orain ere oso ondo joango dela iruditzen zait.