Eskuak batuko dituzte, Alzheimerraren errealitatea ikusarazteko
Irailaren 21ean Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da, eta efemeridea baliatuta, giza kate bat egingo du AFAGI elkarteak, Kontxako barandan, 12:00etik 12:20era bitarte. Gipuzkoako Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen, lagunen eta senideen Gipuzkoako Elkarteak, kanpaina berria aurkeztu du ‘Elkarrekin indartsuagoak gara’ lelopean. Elkarteak Gipuzkoan Alzheimerra duten 14.400 pertsona baino gehiagoren egoera ikusaraztea du xede, hiritarrak sentsibilizatzeko.
Iñaki Olaldek, AFAGIko presidenteak gogorarazi du AFAGI elkarteak gizarte inklusibo baten alde borrokatzen duela, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonek komunitatearen parte aktibo izaten jarrai dezaten, “aurreiritzirik eta estigmarik gabe”. Hala, AFAGIk gizarte kontzientziazioaren, profesionalen prestakuntzaren eta komunitate inguruneen laguntzaren garrantzia aldarrikatu du, “gaixotasun horiek dituztenen irisgarritasuna eta babesa bermatzeko”.