Europako erronka energetikoak izango dituzte hizpide
Agora K2050 hitzaldi zikloaren barruan, Europako erronka energetikoen inguruko solasaldia egingo dute ostegunean (hilak 12) San Telmo museoan, 19:00etan —sarrera doakoa izango da—. Fernando Ferrando ingeniari, ekonomialari eta Renovables fundazioko presidentea izango da gonbidatu berezia, eta Cristina Monge analista politiko eta trantsizio ekologikorako gobernantzaren ikertzailea izango da dinamizatzailea. Agora K2050 zikloak klima aldaketa du hizpide, eta Cristina Enea fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo museoak antolatu dute.
Cristina Enea fundazioak honela azaldu du osteguneko saioaren muina: “Energia non, nola eta nork ekoizten duen eta non, nola eta nork kontsumitzen duen aztertzean, gizarte jakin baten argazkia lortzen da. Europak bere argazki propioa ikusi du, eta erabaki du ez zaiola gustatzen, aldatu egin nahi duela, jasangarritasuna, berrindustrializazio berdea eta autonomia estrategikoa txertatzeko eta munduan lidergoa bultzatzeko”.
Gaineratu duenez, adituak “Europan gertatzen ari dena ulertarazten saiatuko dira, arlo horretan agertzen diren aurrerapenak eta zailtasunak azalduz”. EHUren Udako Ikastaroekin elkarlanean antolatutako saioa streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, San Telmo museoaren Youtubeko kanalaren bidez.