'Lurrazala' obra proiektatuko dute Kursaaleko fatxadan
Tabakalerak eta Kursaalak proposamen artistiko berri bat prestatu dute asteburu honetarako, eta horri esker, Rafael Moneo arkitektoak diseinatutako Kursaaleko fatxada ikonikoa mihise sortzaile bihurtuko da. Hain zuzen ere, Lurrazala lana aurkeztuko dute hilaren 12tik 15era, arte digitala eta argazkigintza artistek Kursaal inguruko kostaldean jasotako irudiekin uztartzen dituena. 20:30etik 22:00etara bitarte egongo da ikusgai, egun horietan.
Sorkuntza bisual honek “gure munduaren interkonexioari eta etengabeko eraldaketari buruz” hausnartzera gonbidatzen du publikoa, eta Hotaru Visual Guerrilla talde donostiarrak sortu du, Irma Vila i Odena arte, zientzia, teknologia eta gizarteko proiektuetan ibilbide luzea egin duen komisario eta ikertzaileak lagunduta. Kursaaleko fatxadarako propio sortutako lan bat da.
“Lurrazala terminoak esanahi desberdinak hartzen ditu testuinguruaren arabera, planetaren espazio ikusgarriari erreferentzia eginez: mendiak, haranak, ibaiak eta lakuak. Hotaru Visual Guerrilak sortutako lanak aztertzen du nola mundu naturaleko gure esperientziak sarritan zatikatuak eta osatugabeak diren, eta errealitatea hainbat lente eta bizipenen bidez berrinterpretatzea proposatzen du”, azaldu dute antolatzaileek.
Piezak paralelismo bat ezartzen du Rafael Moneoren ikuspegiarekin, zeinak Kursaaleko kuboak honela deskribatu zituen: “Geografiari pleitesia ematen dioten hondartutako bi arroka erraldoi”. Horrela, Lurrazalak Gipuzkoako kostaldeko irudiak txatalez osatutako mosaiko bihurtzen ditu, iraunkortzat jotzen dugunaren hauskortasuna azpimarratzen duen ikuspegi bisual berri bat eskainiz. Obraren zati bakoitzak erronka egiten dio publikoari irudiak bere buruan berreraikitzeko, edertasuna gure pertzepzioen konplexutasunean eta subjektibotasunean azaleratuz. Piezak naturaren aberastasun mugagabea eta harekin dugun harremana aztertzera gonbidatzen ditu ikusleak, esperientzia bisuala zein introspektiboa eskainiz.
Hotaru Visual Guerrilla
Hotaru Visual Guerrilla Donostian kokaturiko diseinu eta arte digitalean espezializatua den sormen estudio independente bat da, Ander Ugartemendiak eta Jone Vizcainok zuzenduta. Beraien lana estetika futurista eta ikuspegi esperimentalagatik nabarmentzen diren ikus-entzunezko esperientziak garatzean oinarritzen da.
Estudioak zientzia, natura eta teknologiaren arteko konbergentzia ikertzen du, ikusleari errealitate alternatiboak irudikatzeko aukera ematen dioten elementu organiko eta digitalen arteko harmonia bilatuz.
Euren proiektuak hainbat alditan sarituak izan dira, eta nazioartean erakutsi dira: Australian, Txinan, Arabiar Emirerri Batuetan, AEBtan, Japonian, Alemanian, Norvegian, Erresuma Batuan eta Txekiar Errepublikan, besteak beste.