Sukalde ikastaroa, ibilaldiak eta beste hainbat jarduera antolatu ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak
Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak 2024ko bigarren seihilekorako antolatu dituen jardueren berri eman du. Donostian zein hiritik kanpo antolatu dituzte jarduerak, eta berritasun nagusia sukalde ikastaroa da, Loiolako Erriberan duten egoitza nagusian egingo dutena, urriaren 21ean eta azaroaren 18an; herritar orok hartu dezake parte.
Horrez gain, tabakoa uzteko saioak, giza liburutegia, arreta eta memoria taldea, arnasketa eta mugimendu ikastaroa, dolu ikastaroa eta hainbat ibilaldi antolatu dituzte. Jarduera batzuk minbizi pazienteentzat soilik dira, beste batzuk pazienteen senideentzat eta beste batzuk herritar guztientzat. Beheko irudian ikus dezakezue egitarau osoa, eta elkartearen webgunean ere kontsultatu dezakezue agenda, baita jardueretan izena eman ere.