175 urteko bilakaera jasotzen duen argazki erakusketa
Donostiako Udaltzaingoak 175 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko erakusketa bat inauguratu dute Garbera merkataritza zentroan. Zuri-beltzeko eta koloretako 30 argazkiren bidez, 1889 eta 1980 urteen artean Udaltzaingoak izandako garapena jaso dute. Era berean, ia bi mende horietan hiriak izan duen garapena islatu nahi izan dute. Gainera, erakusketa osatzeko bi moto eta hainbat jantzi zein kasko zahar ikusgai jarri dituzte.
Erakusketaren aurkezpenean, Eneko Goia alkateak Udaltzaingoa zoriondu du: “Izan ziren, gara, izango dira dio Udaltzaingoaren goiburuak, horregatik gaur gurekin ez dauden udaltzain guztiak gogora ekarri nahi ditut, baita Eustasio Amilibia alkatea ere, izan ere, berak sortu zuen Udaltzaingoa garai hartan hiriaren ordena mantentzeaz arduratzen ziren aguazil eta gauzainengandik bereizteko. Eustasio Amilibiaren helburua izan zen Udaltzaingoaren lana Udalak onartzen zituen bando eta araudiak errespetatzea. Egun, Udaltzaingoa askoz gehiago da, izan ere, gure hiriaren eta hiritarren segurtasuna bermatzen duen polizia da”.
Erakusketa Garberak eta Udaltzaingoak egin dute elkarlanean. Argazkiak, berriz, Patxi Encinas udaltzain ohiak aukeratu ditu.
Historiari begirada
Erakusketaren argazki zaharrena 1889.urtekoa da eta, bertan, Miramar jauregian Maria Kristina erreginari egindako harrera ikusten da. Irudian, Udaltzaingoaren langile guztiak agertzen dira, hogei pertsona inguru. Egun 400 udaltzain inguruk osatzen dute Udaltzaingoa.
Erakusketak Udaltzaingoak 175 urte hauetan izan dituen jantzien eta ibilgailuen errepasoa egiten du, eta horien artean daude XX. mende hasierako jantzi bat eta calimero izenez ezagutzen den salacot kaskoa.
Bestalde, Udaltzaingoaren hainbat irudi bitxi biltzen ditu erakusketak. Besteak beste, Kursaal zubian hainbat toreatzaile eta pikadoreen pasoa laguntzen Groseko Txofre zezen plazara bidean. Era berean, hurbiltzen diren pertsona guztiek honako irudiak ikusi ahal izango dituzte: hondartzetan egin zituzten lehen zaintza-zerbitzuko irudiak, edo martxoaren 19an Patroiaren egunean Larramendi kalean egiten zen inspekzioa, eta jarraian Artzain Onaren katedralean meza aurretik Hondarribia, Bulebar, Hernani, Loiola eta San Martin kaleen artean egiten zen desfilearen irudiak.
Horrez gain, erakusketak beste irudi deigarria du: 1975. urtean Udaltzaingoak trafikoa pulpitu batetik arautzen zuen. Pulpitua bidegurutzearen erdian zegoen kokatuta eta udaltzaina babestea eta trafikoaren ikuspegi hobea izatea zuen helburu, izan ere, garai hartan ez zegoen islagailurik eta gauean argia oso eskasa zen. Donostian egon zen azken pulpitua Askatasunaren Hiribidea eta Bergara kaleen artean kokatuta egon zen.
Sidekarra eta beste
Argazki erakusketak ere udaltzainek hiritik mugitzeko izan dituzten modu desberdinak erakusten ditu. Zehatzago, sidekarra edo 1920. hamarkadan bizikletan mugitzen ziren udaltzainak. Horiek brigada volante izenaz ezagutzen ziren, eta Lasarteko hipodromoan zerbitzu ematen zuten eta, gainera, langileen kontrolaz ere arduratzen ziren.