Egiako haurrak murgildu dira Porrontxo jaietan!
Ohi baino gutxiago busti dira, baina haur egiatarrentzat hasi dira Porrontxo jaiak dagoeneko, haurren jaitsiera egin baitute ostegun arratsaldean.
17:30erako, haur eta guraso ugari zain zeuden Karmengo Andre Maria kalearen goialdea, jaien hasieran ohikoa den urduritasun horrekin. Porrontxo eta Porrontxa ere han zeuden, Joselontxos txarangak eta auzoko buruhandiek lagunduta. Horrela, denak elkarrekin jai giro ederrean hasi dira aldapa jaisten, eta haur batzuen “ura, ura!” oihuak entzun badira ere, gutxi izan dira aurten balkoietatik ur baldeak bota dituzten bizilagunak; hala ere, haur kuadrilla batzuk bustita heldu dira Plaza Haundira.
Bertan, Ongi Etorri Eskolara elkartearen eskutik, jatorri indiarra duen eta dagoeneko hiriko hainbat auzotara zabaldu den holi festa koloretsua egin dute, jaiak koloretsu hasteko. Mikeltxi DJ-aren musika emanaldiarekin jarraitu dute arratsaldea, baina hobe dute indar batzuk gorde, Egiako haur, gazte zein helduek badakite eta asteburu luzea dutela aurretik.
Jarraian, haurren jaitsierako bideoa eta irudi bilduma ikus ditzakezue: