Lehertu dira Porrontxo jaiak!
Haurrek arratsaldean motorrak berotu ostean, orain bai, hasi dira Egiako Porrontxo jaiak; prestatu daitezela egiatarrak, festak ez baitu etenik izango igande gauera arte.
Ohiko legez, kuadrillen jaitsierarekin hasi dira jaiak aurten ere, eta, beste behin ere, egiatarrek erakutsi dute euren irudimenak ez duela mugarik, hamarnaka mozorro ikusi ahal izan baitira, zein baino zein originalagoa eta bitxiagoa. Aurten, bestalde, txupinazoa botatzeko arduraduna Kaleko Afari Solidarioak izan da, gauero-gauero Parte Zaharrean, Egian eta Amara Berrin kale egoeran edo egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako afari beroak banatzen dituen herritar taldea.
Txondorra pareko plazatik abiatuta, aurretik DJ batek eta atzetik Joselontxos txarangak lagunduta jaitsi dira Egiako kuadrillak Plaza Haundiraino, jai giro ezin hobean. Denetik ikusi ahal izan da: simpsondarrak, bingo areto bat, Mercadonara ligatzera doazenak, Egiako Kata tabernara doazenak ordez Kata4 ponposora doazenak, pilotazaleak, eta abar luze bat. Aurten, gainera, antirrazismoa ardatz, kuadrilla berri bat izan dute auzoan: Kuadrilla Mundiala.
Egiatar askok gaua luzatuko dutela ziurra da, baina ziurra da, baita ere, asteburuan zehar aspertzeko astirik ez dela izango Egian, egitarau zabala prestatu baitute. Jarraian, txupinazoko eta kuadrillen jaitsierako bideoa eta irudi bilduma ikus ditzakezue: