Zinemaldiko 1.000 sarrera banatuko ditu udalak langabetuen artean
Ate joka dago 72. Zinemaldia (hilaren 20tik 28ra izango da), eta Donostiako Udalak iragarri du filmak ikusteko 1.000 gonbidapen banatuko dituela langabetuen artean. Gonbidapenak eskuratzeko, hilaren 16tik (9:00etatik aurrera) 18ra (14:00ak arte) egin beharko da eskaera, udalaren webgunearen 010 telefono zenbakiaren edo Udalinfo bulegoen bidez —Easo kalean, Morlansko biribilgunean eta Altzako Harrobieta plazan—. Sarrerak eskatu ahal izateko, ezinbestekoa da langabezian egotea, Donostian erroldatuta egotea eta 18 urtetik gorakoa izatea.
Udalinfok datuak egiaztatuko ditu eta, ondoren, gonbidapenak Easoko Udalinfo bulegoan jaso beharko dituzte eskuratzen dituztenek. Bertan, nortasun agiria eta langabezia ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Sail Ofizialeko (K1) filmetarako, belodromoko filmetarako eta belodromoko kontzertu proiekziorako dira gonbidapenak.