6.300 piezatako puzzlearen mudantza pisutsua
1904ko eraikinak dira Arbide dorreak, baina berriz sortu behar izan zituzten 1970eko hamarkadan. Dorreak eraistear zeudela, Donostiako Udal Aurrezki Kutxak eraikinak salbatzea erabaki zuen, eta Erdialdetik Miramonera lekualdatu zituen, harriz harri.
Foruen pasealekuaren, Etxaide kalearen eta San Martzial kalearen arteko bidegurutzea eraiki zituzten Arbide dorreak 1904an. Hamasei urte lehenago erositako lursaila erabili zuen Georgina Barrie baroisak urte horietan modan zegoen arkitektura neoklasikoa bere udako jabetzan txertatzeko. Hala, pinakuluz eta gargolaz osatutako bi dorre eraiki zituzten hiruki formako eremu horretan; bien artean, berriz, hiru solairuko eraikin soilago bat, patio batekin.
Eraikinak estreinatu eta urtebetera, dorreak Irungo Arbide familiari saldu zizkioten, eta hamarkada luzez, familia handi horretako neba arrebek —eta euren oinordekoek— izan zuten eremuaren jabetza. 1971an, baina, Eugenia Allende azken jabea hil eta urtebete geroago, Arbide-Allende neba-arrebek Sociedad Inmobiliaria Jaureche SA enpresari saldu zioten eremua, egungo eraikin bloke handia bat sortzeko.
Enpresaren helburuak eraikinak mantentzearekin bat ez zetozela ikusita, hiritar mordoa eraikina salbatzearen alde agertu ziren. Lola Horcajo historialariak El Diario Vasco egunkarian jasotzen duenaren arabera, kexa andana jaso ziren urte horietan, ordurako eraikinok hiriko paisaiaren parte baitziren. Hala, egoeraz jabetuta, Donostiako Udal Aurrezki Kutxak dorreak salbatzeko operazioa jarri zuen martxan.
Pazientzia handiko proiektua
Kutxak Miramonen zuen lursailera lekualdatu nahi zuen eraikina. Lekualdaketa hori egiteko, baina, eraikina zatitan desegin behar izan zuten, halabeharrez; bi jauregitxoak 6.300 piezatan banatu zituzten, pieza bakoitzari zegokion zenbakia ipini zioten, eta ondoren, Miramonen osatu zuten puzzlea. Orotara, 2.000 tona garraiatu behar izan zituzten Erdialdetik Aietera, eta bost urte behar izan zituzten, eraikinaren emaitza berdina lortzeko.
1979ko urriaren 11n aurkeztu zituzten lekualdatutako dorreak, eta jauregitxoetako bat Aranzadi Zientzia elkarteak erabili zuen lehen urteetan. Ondoren, Kutxak Euskal Herriko Unibertsitateari utzi zion espazio hori, eta egun, Kutxa Fundazioak du eraikinen erabilera.