Abadia Saria jaso du Ruper Ordorikak
Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikari eta abeslari oñatiarrak atzo arratsaldean jaso zuen aurtengo Abadia Saria, Tabakaleran. Dagoeneko lau hamarkadaz euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako “lana eta ekarpen agortezina” aitortu nahi izan zizkioten horrela. “Asko eman diozu, ematen diozu, euskarari. Ematen diguzu euskal hiztunoi. 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietatik abiatuz, kantagintzaren eta rockaren soro zabalean, eman dizkiozu makina bat abesti eta hitz euskarari. Eta, horrekin batera, euskal kantagintza eremu berrietara eraman duzu, rocka nahiz kantu tradizionala uztartuz, nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkar hartuz, literatura eta artearekiko zubiak landuz. Askatasunez, sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera, beti-beti, zainduz eta aberastuz”, adierazi zuen Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Prisma aretoan elkartu zen euskalgintzako eta euskal kulturgintzako ordezkaritza zabalaren aurrean.
Hain zuzen ere, Mendozaren eskutik jaso zuen Abadia Sariaren oroigarria Ordorikak –Iñigo Aristegi Telloren Zazpi Petaloak eskultura–. Ondoren eskainitako hitzetan, atzoko “abagune bikaina” probestu nahi izan zuen “aurreko belaunaldiaren lana” goraipatzeko: “Hein handian haiengandik jaso nuen barru barrutik mintzo zitzaidan mundu bat, nire musika gustuekin bat egin zezakeena”, gogoratu zuen eta, gaineratu zuenez, “izkutuan lortutako” diska haien bitartez, “euskal abeslari haiei esker emeki-emeki sartu nintzen kantutegi zaharrean eta gure jendearen berbetan eta doinuetan”.
Lore Jokoak erreferentzia gisa hartuta, Ruper Ordorikak Anton Abadia bera hartu zuen gogoan, herri kulturaren garrantzia azpimarratzeko. “Garbi zuen herri kulturak eta gurea bezalako hizkuntzak laguntza antolatua behar dutela, kultura hegemonikoen eraketan gertatzen den bezala, mezenazgo bat, nahi baduzu”, adierazi zuen. Euskarazko sorkuntzaren munduari begira jarrita, piramidearen oinarrian egon beharrean, “euskaraz sortu nahian duinki iraun ezinik dabilen egilea” piramidearen goiko bertizean kokatzen dela azaldu du: “Sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan”.
Ekitaldia amaitzeko, Ordorikak Zaindu maite duzun hori eta Izen zaharrak kantak eskaini zituen, agertokian Xabi Etxeberri (biolina) eta Jose Cazaubon dantzaria lagun zituela.
Abadia Saria
Anton Abadia Urrustoik euskararen sustatzaile gisa egindako ekarpena kontuan hartuta, haren izena aukeratu zuen 1996an Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko saria ezartzeko garaian. Halaxe sortu zen Abadia saria, harrezkero bi urtean behin edo urtero eman izan dena eta Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak antolatzen duena.
Arrasate Euskaldun Dezagun, Dionisio Amundarain, Karmele Esnal, Juan Zelaia, Juanba Berasategi, Imanol Urbieta, Joxerra Gartzia, Ixa Taldea, Kike Amonarriz, Ibon Sarasola edo Arantxa Urretabizkaia dira saria jaso duten izen ezagunetako batzuk. Azken bi edizioetan, berriz, Fagor Taldea eta Garabide elkarteak euskararen alde egindako lana izan dira aitortuak. Gainera, Abadia saria emateko ekitaldia euskararen alorreko elkarte eta eragileren topalekua ere izaten da.