DBHra saltoa euskaraz eman, euskaraz bizitzeko
Lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara pasatzean, aldaketa asko bizi ohi dituzte ikasleek, besteak beste, hizkuntzaren erabilerarekin lotutakoak. Horregatik, gaztetxoen artean euskara sustatzeko, udaleko Euskara Zerbitzua Ongi Etorri DBHra egitasmoa garatzen ari da Ekialdeko Barrutian.
Bigarren hezkuntza hastea ez da soilik ikasketa maila altuago bat hastea; sarritan, hezkuntza zentro berri batera joatea suposatzen du, baita egun batetik bestera ikaskide berri ugari edukitzea ere. Eta hori, nerabezaroarekin bat eginez. Aldaketa horiek guztiek zentzu askotan dute eragina ikasleengan, baita euskararen erabileran ere.
Horretaz jakitun, Altza BHI institutu publikoan Ongi Etorri DBHra proiektua abiatu zuten duela lau ikasturte, Maialen Ezkerra zuzendariak azaldu duenez: «Altzan ez da euskara asko hitz egiten, eta gure ikasle gehienek ikastetxean dute harreman bakarra euskararekin. Horregatik, pentsatu genuen Altzan euskara berreskuratzen lagundu zezakeen proiektu bat zela». Horrela, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren, eta proiektu pilotua abiatu zuten 2021-2022ko ikasturtean, Euskara Zerbitzuaren babesarekin.
«Altza BHItik planteatu ziguten lehen hezkuntzako ikastetxe ezberdinetatik datozen gaztetxoak institutuan batzen diren unea erabili behar genuela euskararen mesedetan, eta batez ere, ikastetxetik mezu garbia transmititzeko gaztetxoei: eskolan bezala, institututan ere, euskara da ikasteko hizkuntza, gozatzeko hizkuntza, eta baita ikaskide berriak ezagutzeko eta une oro harremana mantentzeko hizkuntza», azaldu du Euskara Zerbitzuak. Hain zuzen ere, Harri Berriko, Herrerako eta Altzako Herri Ikastetxeko ikasleak elkartzen dira Altza BHIn, Ezkerrak nabarmendu duenez: «Aldaketa handia denez beraientzat, ikusten genuen lehenengo egunetan polita izango zela kohesio ariketa batzuk egitea, baita motibazio ariketa batzuk ere. Beti, helburu nagusi batekin: euskara eta euskal kultura menderatzea».
Proiektu pilotu hartako emaitzak «oso onak» izan zirela nabarmendu du Ezkerrak: «Ikasleak oso gustura egon ziren, tutoreek ikusi zuten egiten diren saioak oso onak zirela talde kohesiorako eta, beraz, oso balorazio ona egin genuen». Hori Euskara Zerbitzuarekin partekatu zuten, eta 2022-2023ko ikasturtetik aurrera, proiektua Ekialdeko Barrutiko hiru institutu publikoetara zabaltzea erabaki zuten: Altza BHIn, Bideberri BHIn eta Lauaizeta BHIn egiten dute ordutik. «Proiektua zabaldu izana oso pozgarria da. Azken finean, Altzan dugun errealitate soziolinguistikoa Ekialdeko Barruti osoan duguna da eta, beraz, denontzako da aberasgarria proiektua», nabarmendu du Ezkerrak.
Jolasa oinarri
Aurten, Argi-Begi bitartekaritza elkartearen bidez ari dira programa aurrera eramaten. Argi-Begik bigarren hezkuntzako ikasleekin mota askotako esku hartzeak egiten hogei bat urteko esperientzia du. Elkarteak azaldu duenez, «jolasean» oinarritzen da euren lan metodologia: «Jolasaren bitartez, taldeko tentsioak baretu eta emozioen adierazpena errazten da. Gainera, burutzen ditugun jarduera guztiek lankidetza abiapuntu dutenez, kideen arteko berdintasun harremanak ziurtatzeko aukera ematen dute».
Programaren funtzionamendua honakoa da: ikasturteko lehenengo astean, astelehenetik ostegunera, tarte batez ohiko klaseak alde batera utzita, DBH 1eko gela guztietan dinamika bereziak egiten dituzte, hezitzaile gazte batzuen eskutik. Gela bakoitzaren kohesioa ez ezik, kurtso osoaren kohesioa lantzea ere bada programaren asmoa, eta, beraz, atsedenaldia elkarrekin egin ondoren, gela guztiak nahastuta jarraitzen dute dinamika bereziak egiten. «Zenbait kasutan, gaztetxoek bere gelan aurkitzen ez dituzten lagun berriak, agian beste gelaren batean aurkituko dituzte», nabarmendu du Euskara Zerbitzuak.
«Gure ikasle gehienek ikastetxean dute harreman bakarra euskararekin»
Maialen Ezkerra, Altza BHIko zuzendaria
Ikasturte honetan, Argi-Begiko hiru hezitzaile aritu dira programa koordinatzen, bakoitzak institutu bateko ardura hartuz. Bestalde, ikasle talde bakoitzean bi hezitzaile aritu dira lanean, eta hamar taldetan egin dituztenez esku hartzeak, guztira, hogei hezitzailek hartu dute parte egitasmoan. Elkarteko kideek azaldu dutenez, hiru fasetan garatu dituzte programako jarduerak: «Proposatzen ditugun dinamiketan, sentimenduak lantzen hasten gara; adibidez, zein garrantzi duen gu euskaraz aritzeak, entzunak sentitzeak eta guk besteak entzuteak. Sentitu ondoren, pentsatu egiten dugu eta, horretarako, taldean bizitako esperientzietatik abiatzen gara; alegia, dinamika bakoitzaren ondoren, ebaluazio bat egiten dugu eta honek, bizitakoaren inguruan hausnarketa egiten laguntzen digu. Sentitu eta pentsatu ondoren, ekin behar dugu: hobekuntzara bideratutako aldaketa bultzatuko duten ekintzak zehazten ditugu».
«Zerbait jakite hutsak ez du gure jokaera aldatzen, lehenbizi bizi egin behar baita. Kasu honetan, ikasleei esatea euskaraz hitz egin behar dutela ez da nahikoa; euskararen erabilerarekin bat datozen bizipen baikorrak izatea izan daiteke gakoa. Hori dela eta, jarduerak erabat parte hartzaileak dira», gaineratu dute Argi-Begikoek.
Nerabezaroko hizkuntza ohiturak
Datuek diotenez, euskara gutxien hitz egiten den hiriko eremua Altza, eta, beraz, bereziki garrantzitsua da halako proiektuak Ekialdeko Barrutian garatzea, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko, euskara ez dadin eremu akademikoan gelditu. Hala ere, Argi-Begikoek deritzote beste edozein auzotarako ere aberasgarria izan daitekeela halako proiektuak garatzea: «Auzo bakoitzeko kasuistikak eragina izan arren, nerabezaroaren ezaugarrietako bat izan ohi da; hots, hainbat datuk ziurtatzen duten moduan, haurtzaroa da euskaraz gehien mintzatzen den garaia eta nerabezaroaren hasieran euskararen erabilerak beherazko bidea hartzen du. Adin tarte horretan kideen arteko harremanek berebiziko garrantzia hartzen dutenez, une horretan da non laguntza eta bultzada gehien behar duten, lagunen artean euskaraz mintzatzen jarraitzeko edo ohitura berriak sortzeko aukera gehiago izan ditzaten».