Etorkizuna ziurtatuta duten jai herrikoiak, Loiolako Erriberan
Gaur hasi eta igandera bitarte, Loiolako Erriberak bere jai propioez gozatzeko aukera izango du, beste urte batez. Haurrentzat zein helduentzat orotariko jarduerak izango dira datozen egunotan.
Azken urteotan izandako dinamika bertsuarekin datoz, aurten ere, Loiolako Erriberako jaiak. Irailaren hirugarren astean, bizilagun dituzten Porrontxoekin batera, auzo —jada ez horren— berriaren jaiek badituzte tradizioak eta «ondo joango direnaren ziurtasuna».
Hori dio behintzat Unai Urkiola auzoko bizilagunak. Urtean zehar Erribertxoren bidez auzoan euskararen aldeko jarduerak antolatzeaz gain, jaietan dabiltza buru-belarri, beste urte batez.
Afari herrikoiko mozorro gaia ere badute: turista. «Zer uste duzu, ez direla honaino iristen turistak? Donostiako hotel handienetako bat dugu eta!», dio Urkiolak. Ez dio umore txarrez, hotelak ere jaietan parte hartzen duela jakinarazi du eta, Piknika antolatzen.
Bihar izango den beste jarduera bat nabarmendu du: Erriberatarrak elektrotxaranga. «Ikastolako jaialdian sortu ziren, hainbat auzokide eta gurasoren ekimenez, eta aurten, lehenengo aldiz arituko dira jaietan. Jendea gogotsu dago», aitortu du. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Pregoia, minbiziaren kontra
Pregoia eta txupina auzoko pertsona edo elkarte esanguratsu batek eman ohi izan du. Aurten, AECC Gipuzkoarentzat izango da, minbiziaren aurkako elkartearentzat, hain zuzen. Elkarteak egoitza nagusia ireki zuen auzoan, 2019an: Minbiziaren Aurkako Gune Bizia.
Egoitza berriari esker, minbizia duten pazienteak eta familiartekoak, erietxe girotik kanpo, gaixotasuna gainditu duten pertsonekin erlazionatzen dira, esperientziak partekatuz. Terapia psikologikoa, arlo sozialeko aholkularitza eta beste zerbitzu batzuk jaso ahal izango dituzte, esate baterako, erietxeko laguntza edo material ortopedikoaren mailegua (gurpil aulkia, ohe artikulatuak eta abar). Urkiolak azaldu duenez, «guztiontzako irekia dago espazio hau beti, eta auzotarrekin harreman oso estua du eta garrantzitsua iruditu zaigu jaietan parte hartzea».
Auzoak badu etorkizuna
Auzo berria izatearen sentsazioa dute askotan Loiolako Erriberan. Urkiolak azaltzen du gaztek bizitza auzotik kanpo egiten dutela, eta, adibidez, jaietan ez dutela gehiegi parte hartzen. Baina ez da batere ezkorra: «Etorkizuna haur eta gaztetxoak dira, eta horiek bai, horiek auzoa bizi eta sentitzen dute».
Horren adibide dira bihar egingo diren Olinpiadak. Iaz 100 lagunek hartu zuten parte, eta, aurten ere, izen ematea ireki bezain pronto, «jendetza» animatu dela ziurtatu du Urkiolak.«Zaila da, baina auzo honen identitatea eraikitzen ari gara, eta gutxika jendea inplikatzen ari da».
«Ikusiko duzu. Jaietara etortzen bazara, kaleak beterik ikusiko dituzu; jai bizi-biziak dira», dio, baikortasunez. Eta elkarrizketa amaitzeko, «beraz, zer? Jaietan ikusiko dugu elkar?»