Loiolako Maritxu tabernak batu dituen hiru lagun
Betiko taberna baten betiko izaera mantentzea ez da erraza. Edo tira, ez da ohikoa. Bada, horixe egiten ari dira Loiolako Maritxu tabernako jabe berriak. Eta auzoa, oso pozik.
Tira, ez da erraza elkarrizketa hau egitea. Taberna itxita dagoen une batean geratu arren, gutxienez bost aldiz sartu dira tabernara, zerbait hartzeko gogoz, eta umore onez, hainbat bizilagun. «Sentitzen dugu, arratsaldean irekiko dugu», diote, irribarre batekin. Argazkia ateratzean ere, balkoietatik txantxak egiten bizilagunak. Argi dago: bi hilabete baino gutxiago daraman arren, Maritxu tabernak loiolatarren maitasuna jaso du dagoeneko.
Telmo Gorosabel Lasak (Antigua, 1993), Gonzalo Iñigo Aristegi Lomasek (Intxaurrondo, 1993) eta Pablo Seminario Urteagak (Amara, 1992) ireki dute lehendik ere izen berarekin zegoen taberna. 1949tik zegoen taberna, alegia. Tabernara sartzean, arreta deitzen duen lehenengo gauza: telebistarik ez dago. «Argi genuen, ez zela telebistarik egongo», dio Aristegik: «Hau betiko taberna bat izan da, eta horrela mantendu nahi genuen».
Eta emaitzak ageri dira. Jendeak askoz gehiago hitz egiten du haien artean: «Honi erronda ez kobratu, kobratu niri», eta horrelakoak entzutea «ez da arraroa», kontatu dutenez. Eta normala zena berezia bihurtzen da. Izan ere, irekitzen diren establezimendu berri guztiak dira concept-store eta gisakoak, eta auzokideek eskertu dute taberna «normal» bat; hau da, «betikoa».
Eta tabernariekin, noski. «Psikologo lanak ez ezik, auzoko istorioez eta historiaz ari gara ikasten», dio Aristegik. «Auzoko arazoak, militarrekin bizitakoak, eta abar… hemen denetarik entzuten dugu», diote, barrez.
Produktua, hautatua
Taberna txikitxoa da, eta, hasieran ez zuten sukaldea jartzeko aukerarik ikusten. Horregatik, ultramarinos gisako bitrina bat jarri zuten. «Produktua oso ondo zaintzen dugu», dio Seminariok: «Alegia, ondo aukeratzen dugula ekoizlea. Guk aukeratzen dugu norekin lan egin nahi dugun, zer babestu eta zer ez». Honela, dituzten janari gutizien ekoizleekin harreman zuzena dute. Gainera, erosketak inguruan egiten dituzte, «haragia, Loiolako harategian, eta Txomiñeneko arrandegian, bestelakoak».
Baina gertutasuna eta koherentziaz gain, badute beste ideia bat: «Prezio merkeak nahi ditugu. Nazkatuta gaude errazio garestiez. Esfortzu bat suposatzen digu prezioak estutzea, baina horretan sinesten dugu: giro ona, kalitatea eta guztientzako prezioak». Argi esaten dute: «Dena zaintzen saiatzen gara, ez dugu kakarik nahi».
Auzoa eta lagunak uztartu
Behin eta berriro errepikatzen dute harrera beroa izaten ari direla auzoan. «Bagenekien Loiolan auzo bizitza handia zegoela, baina asko harritu gaitu, herri txiki bat dirudi», azaldu du Aristegik. «Gurekin batera, gainera, Hontza tabernak berriz ere ireki ditu ateak, eta elkarrekin hasi gara pintxo-potea antolatzen», azaldu du.
Baina aldaketa bizian dago auzoa. «Ondoko parkeak izugarrizko bizitza eman dio auzoari, eta jendea gehiago animatzen da jaistera eta hemen egotera», dio Gorosabelek. Eta etortzeko dagoena: «Ea zer gertatzen den kuartelen kontuarekin, esaten dutenaren arabera urbanizazio itxi baten antza handiagoa izango du eta!», hori diote behintzat auzokideek.
Bitartean, auzoa biziberritzen ari dira hiru mutilak. «Egitarau kulturala ere antolatu nahiko genuke, karta urtaroekin eguneratzen joan… baina gutxika goaz!», dio Aristegik. Ondo dakite zer den elkarrekin aritzea, errugbitik baitatoz hirurak. Halaxe baitu izena enpresak: Uztartze. Melé euskaraz, alegia. Eta halaxe ari dira: auzoarekin batera uztartzea egiten, «beti bezala»